Ikurrina erakusteagatik zigorra

Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordeak urtebete zigortu du Bixintxo Bilbao pilotaria, podiumean arautu gabeko bandera ateratzeagatik.

Urrian, Munduko Txapelketako binakako trinketeko finala irabazi zuten Bixintxo Bilbao, Mathieu Ospital, Peio Gixandut eta Peio Larralde pilotariek, eta podiumean igota, ikurrina zabaldu zuten. Lau hilabete geroago, Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordeak urtebeteko zigorra ezarri dio Bilbaori. Bere delitua? Baimendu gabeko bandera ateratzea.

Zehazki, urtebetean nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko debekua ezarri diote pilotari ziburutarrari; dena den, jokatzen jarrai dezake, zigorra Nazioarteko Pilota Federazioak antolatutako txapelketetarako baita.