Indarkeriaren jatorria

Indarkeriaren jatorria Larunbat honetan, hilak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da, eta horren harira, prebentzio lanaren garrantziaz mintzatu dira emakumeen elkarteak; non jaiotzen da indarkeria hori? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/indarkeriaren-jatorria/@@download/image/42149-h2.jpg
2017/11/21
albiste-laburra
Larunbat honetan, hilak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da, eta horren harira, prebentzio lanaren garrantziaz mintzatu dira emakumeen elkarteak; non jaiotzen da indarkeria hori?
Indarkeriaren jatorria

Emakumeen aurkako indarkeria ez da iraganean gelditutako kontua; belaunaldi berriek, zoritxarrez, indarkeria hori ikasi dute, eta egungo nerabeek ez dituzte atzean utzi emakumeen aurkako jazarpen ohiturak. Indarkeria praktikatzeaz gain, nerabe asko ez dira emakumeen aurkako jazarpenaz ohartzen, ez dute detektatzen; azken ikerketen arabera, gaiari gehiegizko garrantzia ematen zaiola uste dute askok, eta jeloskor izatea, hitzez min egitea edota mugikorra zelatatzea bezalako jarrerak ez dituzte eraso sexista moduan ulertzen.

 

Larunbat honetan, hilak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da, eta emakumeen zein berdintasunaren alde lanean dabiltzan elkarteek aste osoan antolatu dituzte jardunaldiak, prebentzioak duen garrantzia lantzeko asmoz. Indarkeria ez da ezkontzean edota heldutasunean sortzen, txikitatik ikasitako jarrera da. Horregatik, elkarteek nabarmendu dute berdintasuna lehen urteetatik landu behar dela, bai etxean, eta baita eskolan eta gizartean ere.

 

 

Haurrek ez dute genero indarkeria ulertzen, helduengandik ikasten dute, gizartean oraindik erabat errotuta dagoen eredu patriarkaletik. Mutikoek beren indarra erakutsi behar dutela ikasten dute, eta neska bati jotzen badiote, honek entzungo du "mutilak bera gustuko duelako" izan dela; tankera horretako jokoek ezartzen dituzte etorkizunean generoen artean definituko diren botere harremanak.

 

Eta nerabezarora iristean, zer? Amodio erromantikoaren ereduak ez du onik egiten, eta maitasunak posesiboa izan behar duela ikasten dute gazteek gizarteak behin eta berriz aireratzen dituen ereduekin. Hortik jaiotzen dira, hain zuzen, jeloskortasunak, inposizioak eta dominazio ereduak. Horregatik, garrantzitsua da bestelako harreman ereduak ezagutaraztea, eta errespetuan heztea. Eta zuk, nola borrokatuko zenuke indarkeria matxistaren jatorriaren aurka?