Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu baseak 20 urte bete ditu
2000. urtean sortu zuen UEUk INGUMA euskal komunitate zientifikoaren datu-basea eta helburua, euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz), eta gizartearen esku jartzea. Urteurrena ospatzeko INGUMAren webgunea berritu dute eta bilaketak errazteaz gain, datu-basera igotako azken sarrerak ikusi daitezke, bilaketak inprimatu eta hainbat estatistika eskuratu ditzakezu, besteak beste.
Zer da Inguma?
Inguma Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Bertan, azken 50 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da; euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen duen aipu laburra, alegia. Ingumaren helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz).
Ingumaren helburu nagusia da euskal produkzio akademikoaren berri ematea. Hortaz, ez da bibliografia nazional bat, eta ez da dokumentu bakoitzaren deskribapenik edota baloraziorik egiten (euskararen kalitateaz, adibidez). Inguma, euskarazko produktu guztiak eta egile euskaldunak ezagutarazteko tresna azkar eta eraginkorra izateko asmoz sortu da.
Inguman unibertsitate mailako euskarazko produkzioa bere osotasunean jaso da, mota ezberdinetako produktuan kontuan hartuz: ahozkoak (hitzaldiak, ikastaroak eta irakasgaiak) eta idatzizkoak (liburuak, artikuluak, hitzaurreak, liburu-aipamenak, edizio kritikoak, ikerketak eta doktorego-tesiak.)
2018an UEUk ARTIZARRA euskal aditu eta profesionalen sare soziala martxan jarri zuen INGUMAtik abiatuta, komunitate hori harremanetan jartzeko helburuarekin.
HELBURUAK
Kepa Sarasola UEUko zuzendariak adierazi du helburuen artean komunitate zientifiko-teknikoak elkar ezagutzea egon dela beti, bai eta unibertsitate mailako ekoizpena bultzatzea eta gizarteartzea ere. "UEUren baliabide urriekin proiektuari ekin genion, eta zorionez, aurrerago, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, amaitu ahal izan genuen", azaldu du.
- Kepa Sarasola, UEUko Zuzendaria: “UEUren helburuen artean komunitate zientifiko-tekniko bizigarri bat sortzea da egon da beti, bere kideen arteko elkar ezagutza sustatzea eta unibertsitate mailako produkzioa bultzatzea eta gizarteratzea”.
- Karmele Artetxe, UEUko Zuzendari ohia: “INGUMA tresna bat da eta zentzua du komunitatea badago, bestela ez”.
- Iñaki Alegria, UEUko Zuzendari ohia: “Hedapenean sakondu behar dugu INGUMAk eskaintzen dituen aukerak komunitatean ezagunagoak izan daitezen”.
- Pruden Gartzia, INGUMAren sortzaileetako bat: “INGUMAk berez ez dauka balio berezirik, ez bada euskalgintzaren barruan, ez bada proiektu historiko baten barruan; eta proiektu hori da, euskararen salbamendua”.
- Xabier Arauzo, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia: “Garai hartan zentzurik bazuen honelako ekimen bati babesa emateak, gaur egun are zentzu handiagoa du. Izan ere, sortu zen ekimen hura produktu helduago bat da orain”.
UEUren blogean ikusi ditzakezu INGUMAri buruz egiten ari garen elkarrizketak eta #Inguma20 traolaren bidez ere urteurrena jarraitu dezakezu twitterren.