Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu baseak 20 urte bete ditu

UEU-k kudeatzen duen Inguma datu baseak 20 urte bete ditu unibertsitate mailako euskarazko eta idatzizko ekoizpenaren bilgune izaten. Une honetan 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren erreferentzia topatu ditzakegu bertan

2000. urtean sortu zuen UEUk INGUMA euskal komunitate zientifikoaren datu-basea eta helburua, euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz), eta gizartearen esku jartzea. Urteurrena ospatzeko INGUMAren webgunea berritu dute eta bilaketak errazteaz gain, datu-basera igotako azken sarrerak ikusi daitezke, bilaketak inprimatu eta hainbat estatistika eskuratu ditzakezu, besteak beste.

Zer da Inguma?

Inguma Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Bertan, azken 50 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da; euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen duen aipu laburra, alegia. Ingumaren helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da (unibertsitatea mailakoa eta euskaraz).

Ingumaren helburu nagusia da euskal produkzio akademikoaren berri ematea. Hortaz, ez da bibliografia nazional bat, eta ez da dokumentu bakoitzaren deskribapenik edota baloraziorik egiten (euskararen kalitateaz, adibidez). Inguma, euskarazko produktu guztiak eta egile euskaldunak ezagutarazteko tresna azkar eta eraginkorra izateko asmoz sortu da.

Inguman unibertsitate mailako euskarazko produkzioa bere osotasunean jaso da, mota ezberdinetako produktuan kontuan hartuz: ahozkoak (hitzaldiakikastaroak eta irakasgaiak) eta idatzizkoak (liburuak, artikuluak, hitzaurreak, liburu-aipamenak, edizio kritikoakikerketak eta doktorego-tesiak.)

2018an UEUk ARTIZARRA euskal aditu eta profesionalen sare soziala martxan jarri zuen INGUMAtik abiatuta, komunitate hori harremanetan jartzeko helburuarekin.

HELBURUAK

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak adierazi du helburuen artean komunitate zientifiko-teknikoak elkar ezagutzea egon dela beti, bai eta unibertsitate mailako ekoizpena bultzatzea eta gizarteartzea ere. "UEUren baliabide urriekin proiektuari ekin genion, eta zorionez, aurrerago, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, amaitu ahal izan genuen", azaldu du.

UEUren blogean ikusi ditzakezu INGUMAri buruz egiten ari garen elkarrizketak eta #Inguma20 traolaren bidez ere urteurrena jarraitu dezakezu twitterren.