INOIZ BAINO LIBREAGO NABIGATU
Google-k Chrome nabigatzailea garatu zuenean bazekien zertan zebilen. Bere asmoa ez zen nabigatzaile huts bat garatzea, baizik eta etorkizuneko sistema eragile ahaltsu eta arin bat eskaintzea. Google Chrome laster bilakatu zen erabiltzaileen artean nabigatzaile gustukoena. Gerora, 2011. urtean, Chrome OS aurkeztu zuen mundura eta gaur egun, zoritxarrez, Chromebook izenaz ezagunak diren ordenagailu eramangarriak oso erabiliak dira eskoletan.
Baina, dena ez da arrosa kolorekoa Google erraldoiarentzat. Azken aldian, kritika asko jasotzen ari da, eta justifikatuta daude gainera. Alde batetik, RAM memoria kontsumoa dute jopuntuan, nabigatzailearen fitxa bakoitzak memoria espazio handia hartzen duelako, eta ordenagailuaren prozesadorea ere askotan gogaikarri izatera iristen da. Gainera, azken hilean PDF formatuko fitxategiak bistaratzerako orduan erroreak agertzen hasi dira.
Firefox bueltan da
Agian Firefox bueltan dela asko esatea da, ez bagaitu inoiz utzi, baina egia da dezenteko merkatu esparrua galdu duela azken urteetan. Firefox nabigatzailea Mozilla Fundazioaren proiektua da, eta nabigatzailea izateaz gain, Internetaren neutraltasuna eta Sarearen berrikuntzak ditu helburu. Gogorarazi beharra dago Mozilla irabazi-asmorik gabeko fundazioa dela eta beraien leloetako bat ‘Internet herriarentzat’ dela. Beraz, nabigatzaile etikoena dela esan dezakegu.
Android eta iOS bertsioa ere eskuragarri dago bere onura etiko guztiekin batera. Noski, beste nabigatzaileekin bezala, ordenagailu bertsioa eta mugikor bertsioa sinkronizatu daitezke Firefox Sync funtzioarekin. Honela, nabigatzailean gordetako pasahitzak, laster-markak, gehigarriak... momentu oro eskuragarri izango ditugu.
Pocket
Jakinda oraina eta etorkizuna gailu mugikorretan dagoela, eta Firefox OS proiektuak (mugikorrentzat Mozillak garatutako sistema eragile librea) porrot egin duela, Pocket jabedun aplikazioa erosi du Mozillak; beharrezko horietako bat. Interneten ikusten dugun eta gustuko dugun guztia gorde dezakegu bertan, gero irakurri, berrikusi edo lagunekin partekatu ahal izateko. Gordetzen dugun guztia etiketa sistemaren bitartez klasifikatu dezakegu eta oso erabilgarria da gure nabigatzailea laster-markez bete nahi ez badugu. Pocket aplikazioak gure edukiak albiste, irudi eta bideo multzoetan ere sailkatzen ditu, eta gure gustuen arabera gomendioak ere eskainiko dizkigu.
Esan bezala, Pocket jabedun aplikazioa zen eta auskalo zer gertatzen zen gure datuekin. Ezin jakin. Orain, ordea, Mozillak aplikazioaren kodea lizentzia libre batekin kaleratzeko asmoa agertu du. Pocket aplikazioa Firefox nabigatzailean integratuta dator, beraz, ez dago ezer instalatu beharrik.
Iragarki zaparradarik ez, eskerrik asko
Nabigatzailerekin erabat eroso sentitzeko gauza txiki bat gelditzen zaigu instalatzeko: publizitate blokeatzaile bat. Badira pantaila iragarkiz betetzen diguten web orrialdeak. Ordenagailua mantsotu eta kasu batzuetan malwarea instalatzen dutenak ere. Egoera honi aurre egiteko lizentzia librean publikatuta dauden uBlock Origin eta dblock Plus gehigarriak gomendagarriak dira (bietako bat instalatzearekin nahikoa da). Klik baten bitartez Firefox nabigatzailean instalatzen dira eta desatseginak diren iragarki pantailei agur esango diegu. Badira web orrialde serioak beraien zerbitzua mantentzeko publizitatearen beharra dutenak. Kasu horretan, blokeatzailea desaktibatzeko eskatzen duen mezu bat ikusiko dugu, eta ados baldin bagaude, web orrialde zehatz horretan gehigarria gelditu dezakegu.
Orain bai, mugikorrean zein ordenagailuan teknologia libreekin nabigatzeko gai zarete. Baina ez nahastu: librea ez da anonimoa. Libre baina zuhur ibili.