Inoiz idatzi al duzu Wikipedian?

Inoiz idatzi al duzu Wikipedian? Hamasei urteko ibilbidea du euskarak wikipedian eta denbora tarte horretan 280.000 artikulutik gora publikatu dira; baten bat idatzi duzu zuk? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/inoiz-idatzi-al-duzu-wikipedian/@@download/image/euskarazko-wiki15.jpg
2017/09/19
Hamasei urteko ibilbidea du euskarak wikipedian eta denbora tarte horretan 280.000 artikulutik gora publikatu dira; baten bat idatzi duzu zuk?
Inoiz idatzi al duzu Wikipedian?

Euskarak urteak bete ditu Wikipedian sartu zenetik; denon artean sustatutako entziklopedia erraldoi eta digital honetan, dagoeneko milaka dira euskaraz sartutako testuak. Inoiz Wikipedian euskaraz informazioren bat txertatu duzun horietakoa zara? Hala bada, jakin dagoeneko euskarazko 280.000 artikulu baino gehiago daudela plataforman!

 

Lan honetan sakontzeko asmoz, Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak eta Azkue Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Iurdana Acasuso, Azkue Fundazioaren zuzendariak Wikipedia sustatzeko ekimenak izeneko proposamena luzatu digu, euskarak plataforman duen garrantziaz jabetu gaitezen:

"Wikipedia, sarean gorpuztu den entziklopedia kolaboratiboa erreferente bihurtu da ezagutzaren alorrean. Ezinbesteko tresna da jakintzaren edozein eremutara modu arin eta errazean iristeko eta, bide horretan, informazio hori pertsonen eskura jartzeko.
Euskara Wikipedia sailkapen orokorrean ondo kokatuta egoteak prestigio ematen dio gure hizkuntzari. Gaur egun euskara 31. postuan dago, zenbait nazio hizkuntza baino hobeto. Ia hamasei urteko ibilbidea du euskarak wikipedian eta denbora tarte horretan 280.000 artikulutik gora publikatu ditu. Lan guzti hori ez da kasualitatez egin, hainbat boluntarioren elkarlanaren emaitza da.


Euskaldunok badugu kultura eta jakintza unibertsala euskaraz eskuragarri izateko beharra eta hori asetzeko bitartekoak jarri behar ditugu. Ideia hau Euskararen Aholku Batzordeak herri aginteei orain dela zenbait hilabete adierazi zigun bere IKT Batzorde-atal bereziak prestatutako dokumentuan. Txostenean ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko herri-aginteentzako gomendioak zerrendatu ziren eta aipatzen zen lehena euskarazko wikipedia sustatzea zen.


Zorionez, wikilari boluntarioek 2016. urtean Euskal Wikilarien Kultur Elkartea, irabazi asmorik gabeko erakundea, sortzea erabaki zuten. Honek erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanari bidea nabarmen erraztuko dio. Lau dira elkarteak dituen helburuak: lehenengoa, ezagutza unibertsala euskaraz euskaldunen eskura jartzea; bigarrena, Euskarazko Wikipedia eta gainerako Wikimedia proiektuak sustatzea, ezagutaraztea eta zabaltzea; hirugarrena, euskararen normalizazioari laguntzea, kultura hedatuz; eta laugarrena, Wikimediaren helburuekin bat eginez, auzolana eta jakintza askea sustatzea.


Azkue Fundazioak ere euskararen erabilera era aktibo eta zabalean sustatu nahi du gure hizkuntza gaur egungo ingurune digitalean integratuz. Sorreratik konprometitu da wikipediaren sustapenarekin eta horren ondorioz zenbait ekimen jarri izan ditu martxan, hala nola Ugarteburu sariak, editatioiak eta trebakuntza ikastaroak."

 

HITZARMENA OSORIK IRAKURTZEKO SAKATU HEMEN.