Irailaren 14an, Urretxun, hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Irailaren 14an, Urretxun, hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Hamasei saio izango dira guztira, eta finala Donostiako Ilunben jokatuko da, abenduaren 14an. Saioetarako sarrerak eros daitezke jada. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/irailaren-14an-urretxun-hasiko-da-gipuzkoako-bertsolari-txapelketa/@@download/image/Finala6.jpg
2024/06/28
Hamasei saio izango dira guztira, eta finala Donostiako Ilunben jokatuko da, abenduaren 14an. Saioetarako sarrerak eros daitezke jada.
Irailaren 14an, Urretxun, hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Udaberrian sailkapen fasea jokatu ostean, ate-joka da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. 48 bertsolari arituko dira kantuan eta horietatik 34k sailkapen fasean eskuratu dute txapelketarako txartela. Gainerako hamalauek, berriz, duela bost urte izandako txapelketan. Bertsolarien artean izango dira Ane Zuazubiskar, Aner Peritz, Manu Goiogana, Beñat Iguaran, Oihana Arana, Maialen Akizu, Maider Arregi, June Aiestaran, Eli Pagola, Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Oihana Iguaran, eta Nerea Elustondo. Bertsolariez gain, hamasei gai-jartzaile eta hamabost epaile ere arituko dira txapelketan, eta laguntzaile ugari.

Guztira hamasei saio antolatu dituzte: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Lehen saioa Urretxun izango da, Labeaga aretoan. Honako hauek kantatuko dute bertan: Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga, Mikel Iturriotz eta Unai Mendizabal.

Beste final zortzirenak Lasarte-Orian, Lazkaon, Elgoibarren, Hondarribian, Andoainen eta Azpeitian izango dira. Final laurdenak honako toki hauetan jokatuko dira: Eibar, Errenteria, Azkoitia, Irun eta Tolosa. Finalaurrekoak Oiartzun, Zarautz eta Arrasaten egingo dituzte eta, azkenik, Donostiako Ilunben jokatuko da finala, abenduaren 14an.

Bost urteko tartea igaro da azken Gipuzkoako Txapelketatik eta, sailkapen fasean bezala, Gipuzkoako lehen-bertso eskolaren 50. urteurrena izango dute gogoan. Udaberriko faserako sortu zuen irudiari hirugarren dimentsio bat eman dio Unai Gaztelumendik. 

Saio guztietako sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.