Irakurtzea eta sozializatzea maite duzu? Hementxe duzu zuretzako plana: irakurketa festak

Irakurtzeko tarteak eta jendearekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko aukera izaten da, musikaz lagunduta.

Zure denbora librea sozializatzeko erabiltzen duzu eta nahi baino gutxiago irakurtzen duzu? Edo irakurtzea maite duzu, baina kosta egiten zaizu sozializatzea? Bada, New Yorkeko Reading Rythms ekimenak biak lotzen ditu, irakurtzeko festak antolatzen baititu.

Ez dira ohiko irakurketa taldeak, festak baizik. Irakurketa normalean bakarkako jarduna izan ohi da, eta honela, biak egin daitezke, norbarentzako tarte bat hartu, irakurtzeko, eta baita jendea ezagutu ere. 

Partaideak hitzordua adostutako tokira joaten dira, jatetxe bat, taberna bat edo bestelako leku bat, liburu batekin. Hogeita hamar bat minutuz irakurri, batzuetan halako bi tarte egiten dituzte, eta ondoren jendearekin hizketan edo gaien inguruan eztabaidan aritzen dira, guztia ekintza horretarako berariaz aukeratutako musikaz lagunduta. Edozein festatan bezala, dantzatzeko edo ligatzeko aukera ere bada, eta batzuek bikotekidea ere topatu dute halakoetan. Erreserba egin behar izaten da aurrez, eta kasu batzuetan itxaron zerrenda ere izaten da. 

New Yorken hasi zen kontua, baina beste hiri batzuetara ere zabaldu da ekimena, hala nola Washingtonera eta Londresera. Euskal Herrira ere iritsiko ote da?