Italiak, larruaren ekoizpenean erabiltzeko, animaliak heztea debekatu du
Industria krudel eta zaharkituari amaiera eman nahi dio Italiak debeku honekin. Hori dela eta, urtarrilaren 1etik ezin dira bisoiak, azeriak, mapatxeak edota larruaren ekoizpenerako erabiltzen diren beste edozein animalia umatu.
Animalien eskubideak defendatzen dituztenentzat sekulako garaipena izan da, batez ere, jakinik, Italia larruen munduko merkatuan goren postuetan dagoen herrialdea dela. Animalien ongizatearen aldeko elkarteen urteetako protesta, manifestazio eta ekintzek beren fruituak eman dituzte eta urte batzuk badira jada italiar arropa marka entzutetsuak (Prada, Valentino, Armani, Versace, Gucci) larruak erabiltzeari utzi diotela. Orain, Italiako luxuzko moda industriak hasitako bidea babestu du gobernuak eta larrua ekoizteko animaliak heztea debekatu du Senatuak.
Debeku honekin batera, bisoi larrua ekoizten duten 10 lantoki ere itxi dira. Lantoki guztien itxiera 2022ko ekainerako aurreikusten da. Larruekin lan egiten zuten langileen galera konpentsatzeko Nekazaritza ministerioak 3 milioi euroko diru-funtsa ere iragarri du.