Izaro Antxia futbolariak irain transfoboak pairatu zituela salatu du
Udaltzainek esku hartu behar izan zuten Leioako futbol partida batean irain transfoboak pairatu zituelako kirolariak. Izaro Antxiak sare sozialetan egin du salaketa.
“Oso tristea da pertsona batek txapelketa bateko futbol partida bat jokatu ezin izatea iraindu eta jazarri egin dutelako”. Horixe adierazi du bere sare sozialetan futbolari transexualak.
Antxia CD Guerizo-ko atezaina da eta Leioako partidu batean gizon talde batek iraindu izan zen. Gertaera honen aurreko astean ere, beste talde bateko partaideen komentario transfoboak salatu zituen.
2016an Izaro Antxia futbol aretoko lehen emakume transexuala bilakatu zen Euskal Herrian. Hiru urteren ondoren ordea, jazarpen eta irainak pairatu behar izaten ditu oraindik ere. Sare sozialetan kontatu duenaren arabera atezaindegiaren atzetik gizon talde batek irainak egin zizkioten pasa den asteburuan Leioan. “Atezain, atezain, zure telefonoa emango?” edo “mari-mutil” bezalakoak entzun behar izan zituela esan du.
Horren aurrean, arbitroari partidua eten zezan eskatu zion, eta orduan animalia hotsak egiten hasi zen gizon taldea atezainak baloi ukitzen zuzen aldiro. Momentu horretan partidua abandonatu eta udaltzainei deitzea deliberatu zuen. Hauek joko zelaian agertu ziren eta erasotzaile batzuk ihes egin zuten. Gelditu zirenek irainak oihukatzeari utzi zioten.
Antxiak taldekideen eta lehiakideen jarrera eskertu nahi izan du: “Zorionez, nire taldeak eta lehiakideek maila eman dute eta gertatutakoa kondenatzeaz gain, ni defendatzen saiatu dira momentu oro, zeramaten kamiseta zeramatela. Arbitroaz ere berdina esan beharrean nago eta baita publikoan zeuden beste pertsonez.”