Izaskun Igoak 'Hotza bazkatzen' poesia liburua aurkeztu du

Izaskun Igoak 'Hotza bazkatzen' poesia liburua aurkeztu du Ekainaren 14an Donostian egingo den poesia errezitaldian entzun ahalko da bertako lagin bat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izaskun-igoak-hotza-bazkatzen-poesia-liburua-aurkeztu-du/@@download/image/b6060f8d-fadf-4b69-9ea7-730dc42107fc.jpeg
2022/05/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ekainaren 14an Donostian egingo den poesia errezitaldian entzun ahalko da bertako lagin bat.
Izaskun Igoak 'Hotza bazkatzen' poesia liburua aurkeztu du

Donostia Kultura V. Poesia Saria irabazi zuen duela pare bat hilabete Izaskun Igoa Jaimerenak eta bertan aurkeztutako Hotza bazkatzen lanarekin egindako liburua kaleratu du orain. 

Hotza bazkatzen lanak "kontzientzia eta izatea" ditu ardatz. "Gorputzari uko egin gabe, haragoko kezka eta gogoetetan sakontzeko gaitasuna" erakusten duela nabarmendu du Balea zuria argitaletxeak, "orekari eutsiz eta hunkigarri izanez". Era berean, "sen poetikoa" eta egileak han-hemenka, "omenaldi modura", erabili dituen erreferentziak ere azpimarratu dituzte.

Egilea aurrez aurre ikusi eta entzuteko aukera izango da ekainaren 14an, iluntzeko 19:00etan, Victoria Eugenia Club aretoan egingo den Poesia eta Pentsamendua errezitalean. Musikaz lagundutako errezitaldia izango da eta Igoaz gain, Mikel Arruabarrena Larrarte, Iosune de Goñi, Juan Carlos Mestre eta Itziar Ugarte Irizar arituko dira errezitatzen. Jon Makuso ere izango da biolina jotzen. Gonbidapenak  Victoria Eugeniako leihatilan eskatu eta jasoko dira errezitalaren egunean bertan, 17:00etatik aurrera.

Zigan (Nafarroa) jaioa da Igoa 1995ean. Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan aipamen berezia lortu zuen 2020an, Lurra zango zolaren gainean lanarekin. 2019az geroztik, Ttipi Ttapa aldizkarian aritzen da kolaboratzaile.

Poeta gazteei aukerak sortuz
Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko helburuz sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Poesia Lehiaketa. Duela lau urte Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin. 2019an, Gorka Salcesek eskuratu zuen saria Iraganaren izterrak obrarekin, eta finalista izandako Elena Olavek Zeldak poema-liburua kaleratu zuen geroago. 2020an, Lizar Begoñak irabazi zuen Aro beilegia liburuarekin, eta iaz, berriz, Maialen Berasategi Katalanek lortu zuen saria Eskuan beti zerbait lanagatik. Finalista gelditu zen Mikel Arruabarrenaren Kardaberak zementuan liburua ere argitaratu zen.