Jakin nahi al duzu zein bost emakumezko musikari edo taldek joko duten Donostiako 'Gure Ahotsak' zikloan?

Euskal Herriko artistak zein kanpokoak izango dira martxoko kontzertuetan.

Gure Ahotsak Emakumezko Musikarien zazpigarren zikloan honako emakume musikariek parte hartuko dute: Olatz Salvador, Travis Birds, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa. Bost kontzertu izango dira, martxoaren 1etik 9ra, Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean.

Zikloaren aurtengo kartela Ainara Azpiazu Axpi (Hernani, 1980) ilustratzaile eta artistak egin du. Azpiazuk adierazi duenez, “kartela egitea plazer handia izan da niretzat, miretsi eta gustuko ditudan musikarien kontzertuak iragartzeak erraztu eta gustagarri egin duelako enkargua. Indarra izan da transmititu nahi izan dudan ideia, eztanda, ezustea eta aldi berean poza. Horregatik, lehertzen ari den sumendi koloretsua hautatu dut. Egiteko, monotipia bat nahastu dut teknika digitalarekin, sumendiaren oinarria eskuzko estanpazioarekin egindakoa da eta gainerakoa testuradun pintzel eta testuragabeen nahasketaz sortutako irudi digitala da”. 

Kontzertuetarako sarrerak Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eros daitezke eta baita  donostiakultura.eus/sarrerak webgunean ere. Gainera, zikloko bi kontzertutarako edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute.

Ziklo honetaz gain, beste emakumezko musikari batzuen kontzertuak ere programatu dituzte urte osoan zehar, esaterako Maika Makovski, Maren, Kris Davis, Françoiz Breut, María José Llergo, La Furia, eta Susan Santos.