Janus Lesterrek 'Minutuak' kantua kaleratu du, disko berriaren aurrerapena

Azaroaren argitaratuko du 'Lore' izeneko bigarren albuma.

Janus Lester musikari nafarrak Minutuak abestiaren bideoa zabaldu du sarean, lan berriaren aurrerapen kantua. Errepidean, atzeko leihotik kantuan, zer datorren jakin gabe, aritzearen oroitzapena dakar kantuak. "Bidegurutzeek eragiten duten kezkak eta hartu gabeko erabakien zamak iheslari bihurtzen gaituzte, baina ez dago aurrera jarraitu beste biderik. Ihesean ari garen bitartean, minutuek ez dute segundo bat bera ere galtzen", dio Lesterrek. 

Bigarren diskoak, lehenarekin alderatuta, bestelako doinuak izango dituela  aurreratu du, "helduagoak eta moldaketa aberatsagoekin". Mumford & Sons eta Stromae banden erreferentzia anglosaxoiak izan ditu sormen-iturri. Azaroaren 22an emango du argitara Lore izeneko disko berria.

Janus Lesterrek edo Jokin Pinatxok berak, Garazi Esnaolak eta Eñaut Gaztañagak ekoiztu dute Minutuak, eta Zestoako Gaztain Estudioetan grabatu da. Ane Berriotxoa arduratu da bideoklipa zuzentzeaz.

Janus Lesterrek 2022an kaleratu zuen lehen lana, Ez gaitzala loak harrapatu izenekoa. Jokin Pinatxorekin batera, Garazi Esnaolak (teklatua), Mattin Arbelaitzek (bateria), Julen Suarezek (tronpeta), Andoni Arriolak (tronboia), Julen Barandiaranek (baxua) eta Javier Echarrik (gitarra) osatzen dute taldea.