Janus Lesterren 'Lore' diskoa, kantuz kantu

Entzun musikari nafarrak sortutako kantuak eta barruko mezuak gurekin batera.

Jokin Pinatxo nafarrak, Janus Lesterrek, Lore diskoa kaleratu du. Une ilunak onartzeko beharrari buruz hitz egiten duen lana da, "hazteko eta loratzeko ezinbesteko urrats" gisa ikusten baitu. Diskoan murgilduko gara kantuz kantu.

NOLA HARTU ARNASA
Barne-borroka isilaren oihartzunarekin hasten da diskoa, "minaren egunerokotasunean galduta, zorionaren distira gogoratu nahian". Arnas faltan, ezintasuna eta desira elkarri lotuta, "norberaren arimarekin berriro konektatzeko ahalegin desesperatuan". Argirik gabeko iluntasunetik, bizipoza itzultzeko nahiari abesten dio Janusek, Izarorekin batera.

MINUTUAK
Hala azaldu du abestia: "Bidegurutzeek eragiten duten kezkak eta hartu gabeko erabakien zamak iheslari bihurtzen gaituzte, baina ez dago aurrera jarraitu beste biderik. Ihesean ari garen bitartean, minutuek ez dute segundu bat bera ere galtzen".


KANTU ON BAT
Gizartearen eta musika eszenaren presioak islatzen dituen erresistentzia oihua da kantua. Ahotsak isilarazten saiatu arren, kantatzen jarraitzeko determinazioa aldarrikatzen du, ironia eta indarrez, bide osasuntsu eta benetako baten alde.

LORE
Kantuak une ilunak onartzeko beharrari buruz hausnartzen du, hazteko eta loratzeko ezinbestekoa delakoan. Letrak itxaropen mezu bat transmititzen du zailtasunen erdian. Onartzen du une zailak antzu edo itogarri diruditen arren, ezinbestekoak direla indar berri, ilusio eta sustrai sakonagoak sortzeko.

ARGITU ZAIN
Logela ilun batean hasten da kantua, ahots ugariz inguratua, baina argituko den esperantzaz. Inoiz eroriko direnei besoa luzatzen die eta hasiera batean ilun den kantua argitzen hasten da amaitzerako. 

BI BEGI BI LORE
Itxaropenari eta ziurgabetasun garaietan ondo inguratuta sortzen den indarrari egindako abestia da. Etorkizuna aurreikusezina eta bidea galderaz beteta egon arren, edozein zailtasun gainditzeko elkarrekin mantentzea eta konfiantzaz aurrera egitea nahikoa dela aldarrikatzen da. Elkar zaintzera eta oraina besarkatzera gonbidatzen du entzulea, elkarri eutsiz dena ondo egongo delakoan.

ETXEAN
Iraganeko loturetatik askatzea eta norbere bidea aurkitzea bilatzen duen bidaia introspektiboa da Etxean. Aurrera egiteko nahiaren eta atzean uzten denagatik sentitzen den nostalgiaren arteko barne-borroka sumatzen da.

HIL ARTE DANTZAN
Askatasunaren eta zentzugabeko gozamenari abesten zaio, burua galdu aurretik amaieraraino dantzatzera gonbidatuz. Kantak une honetan bertan bizitzearen alde egiten du, kezka eta galderak alde batera utziz, gozamenari eta momentuari guztia eskeiniz. Bizi-intentsitatea transmititzen du musikaren bidez.

BADAKIT ZERGATIK
Kantuak sufritzearen eta inguru desegokiaren ondorioen kontzientzia hartzearen indarra aztertzen du. Promesa faltsuen mina eta horrek sortzen duen nekea erakusten ditu. Abestiak autokonfiantza eta norbere bidea berreskuratzearen garrantzia nabarmentzen ditu.

BIRAKO KONTZERTUAK

2024.12.30 DONOSTIA
2025.01.02 BILBO
2025.01.04 GASTEIZ
2025.01.25 
AZPEITIA