Jarraitu beharreko hiru euskal TikToker
TikTok-en denetik dago eta hizkuntza askotan, baina pixkanaka gero eta gehiago dira euskarazko edukia sortzen ari direnak ere. Hementxe dituzu hiru!
1. Alex Etxegibel
Alex Etxegibel bera baino gazteagoa den arrebarekin, Thirisekin, agertzen da bideo gehienetan. Anai-arreben arteko dinamikak ikus ditzakezu besteak beste: adar jotzeak, haserrealdiak, jolasak... Seniderik baldin baduzu, ziur asko halakoak biziko zenituen, eta ederra da bi hauen harremana ikustea, umoreari eta entretenimenduari lotuta. Musika, dantza, probak, barreak... eguna alaituko dizute bi anai-arreba hauen bideoek.
2. Edurne Saez
Edurne Saez oiondarrak denetariko bideoak igotzen ditu TikToken: azala zaintzeko duen errutina azaltzen, musika konpartitzen du bere egunerokoan, arropa probatzen, dantza koreografiak egiten... Freskura eta alaitasuna transmititzen du Saezek. Ikurriña lagun ikusiko duzue irudi askotan, eta horretaz gain, ehizera joaten aitarekin, lagunekin parrandan, mendian... Euskal gazteok identifikatuta sentituko zarete ziur asko Edurnerekin eta kontatzen dituen gauzekin.
3. Ander Rovira
Beharbada zuetako batzuei ezaguna egingo zaizue bere aurpegia, eta ez TikTok-eko bideoengatik bakarrik. Rovira aktorea da eta Irabazi Arte! telesailean aritzen da, Gorka atezainaren paperean. Duela gutxi bideoak egiten hasi da eta batez ere zine eta aktore kontuak ditu hizpide. Hala ere, marrazki bizidunak edo modari buruzko bideoak ere sortu ditu. Gu bilbotarraren bideo gehiago ikusteko irrikaz gaude, zuek ere bai, ezta?