Jon Agirre: Emakumeak zurrunagoak dira autoan"
Jon Agirre. Azpeitiarra. Txikitan scalextri-rik izan ez zuen arren, autozale amorratua da. Euskal Herriko rally txapelketako bost titulu eskuratu dituen arren, diru laguntza urriak ditu. Gakoa, autoa gidatzen, "zortea" dela dio. Oriol, Sainz, Makkinen edo Delecourrekin lehiatzeari ez lioke uko egingo, baina "ezinezko da, hori ametsa baita". Bakailaoaren ibilbidea ez du gogoko.
Egia al da Azpeitia kabi aproposa dela lehiaketetan parte hartzen duzuen gidariontzat?
Bai, zaletasun aparta dago, ikaragarria. Horregatik, gazte-gaztetatik motor zarata eta autoak, eta zer esanik ez, lasterketetan sortzen den giroa beti gustatu zaizkit. Bestalde, hemen badira txapelketa garrantzitsuak irabazitako herritarrak.
Noiz hasi zinen giroan puri-purian sartzen?
Hamazazpi urte bete eta ikasketen ondoren, tailer batean karrozari hasi nintzenean. Besteak beste, ibilgailuak konpontzen jarduten dut, eta haiekin lan egiteak are gehiago zaletzen zaitu.
Autokrosean garaipen bikainak dituzu, Espainiako txapelketetan, esaterako. Ondoren errepidera egin al zenuen salto?
Autokrosean, turismotan, Espainiako bi txapelketa irabazi nituen, 1995ean eta 1996an, eta beste hainbeste, formula mailan, 1998an eta 1999an. Autokrosean ibili arren, Espainiako lur gaineko txapelketan ez dut inoiz parte hartu, kotxea ikaragarri matxuratzen delako eta mantenimendu handia duelako. Aldatzearren, asfaltora pasatu nintzen. Txapelketetan gidatzeak azaldu ezinezko zirrara sortzen dit.
Rallyetatik kanpora ere ziztu bizian ibiltzen al zara autoz?
Ez, edonork bezala, normal gidatzen dut, arauak beteaz. Rally gidariok ez gara beti bizi-bizi joaten.
Lasterketako abiadurarekin ohituta, ordea, apur bat aspertuta, agian
Ez. Autopista eta ohiko errepidea aukeran eman ezkero, ia beti, zirkulazio asko egon arren, nahiago dut bigarrena, erakargarriagoa zait eta. Autopista apur bat aspergarria da.
Txapelketetarako prestaketa saioak non egiten dituzu?
Katalunian ez bezala, Euskal Herriak duen arazorik handiena entrenatzeko leku egoki falta da. Jende asko lasterketatik lasterketara entrenatzen da. Hemen, zirkuitu apropos bat egongo balitz, gidari gehiago eta hobeak izango genituzke. Kirol hau ez dago Katalunian bezala errekonozitua, hemen hobby modura hartzen baitugu.
Hala ere, hobby garestia da
Oso garestia. Lehiaketetan aurrean ibiltzeko diru asko behar da, ibilgailuak ezezik, piezak ere ez baitira batere merkeak. Babesle bila ate asko jo baina erantzun gutxi jaso ditugu. Hortaz, txapelketetako sariak huskeria direnez, jende asko dabil aurrekontua ezin osaturik, ateak zabaldu ez zaizkiolako. Kotxeen kultura badago, baina ez inbertitzekorik.
Beraz, zaletasuna ogibide bihurtzea miraria da, ezta?
Bai, rally-etatik bizitzeko laguntza asko behar dira. Oso zaila da. Aurten esaterako, taldekook, nik dudan palmaresa kontuan hartuta, Espainiako txapelketan parte hartzea amesten genuen. Behin bada ere, hasi eta bukatzeko, baina, batek daki Txapelketa honetan punta-puntan ibiltzeko, urte pare bat behar dira ikasteko. Izan ere, adina eta esperientzia oinarrizkoak dira honetan.
Gaur egun, garraio publikoen aldeko jarrerak entzun arren, inoiz baino auto gehiago daude. Oro har, zer moduz gidatzen dugu?
Batetik, gaur egungo ibilgailurik eskasenek ere abiadura handia hartzen dute. Bestetik, gazteentzat autoa ia-ia luxua da. Oro har, ondo gidatzen da. Hala ere, gizonezkoekin alderatuta, emakumeak zuhurragoak dira.
Lehietan, mekanikoa eta gidarikidea zure aingeru goardakoak dira.
Halaxe da. Auto barruan, gidarikidea eta biok ia bikiak gara. Eta mekanikoa, zer esanik ez. Baten batek huts egin ezkero, akabo!
Alkoholemia kontroletan 0,2tik igaroz gero, isuna ez da urruti izaten. Istripuak saihesteko neurri aproposa al da?
Gehiegikeriak kontrolatzeari ondo deritzot, baina 0,2 neurria oso baxua da, eta arau berriak direla eta, karneta kenduko dutela ere esaten ari dira... Gauza serioa da.
Aita, Jose Agirre "Oranda" bertsolaria duzu. Ziur, zurekin, ez dela saio bakar batera ere berandu iritsi.
Normalean bere kasa joaten da eta noiz edo noiz koinatuak laguntzen dio. Gutxitan eraman izan dut.