Jon Kareaga: "Bangladeshko haur eta emakumeek ez dakite norentzat ari diren lan egiten"
Astelehenean aulki bat eta hainbat protesta kartel hartu eta Zara dendaren aurrean eseri zinen; zergatik?
Modaren industriak Asian egiten duena dokumental batean grabatzera joan nintzen hainbat lagunekin, 'fast-fashion' edo moda azkarraren atzean ezkutatzen dena lehen planoan ikusi eta salatzeko; baina bertan aurkitu genuen errealitateak uste genuena baino gehiago larritu gintuen. Horregatik, grabatzea ez zela nahikoa erabaki nuen, eta Zara denda aukeratu nuen protesta egiteko, hau baita arropa dendarik handiena Europa mailan. Dena den, beste edozein dendaren aurrean egon ninteke, nire helburua industria osoa kritikatzea baita, egun modarekin lotutako sistema guztia.
Zer da eserialdi honekin aldarrikatu nahi duzuna?
Hiru helburu ditut; lehenik eta behin, moda azkarraren industria salatu; bigarrenik, Bangladeshen josteko tailer soizal bat eraikitzeko crowdfunding bat martxan jarri; eta azkenik, Inditex-eko arduradunen batekin elkarrizketa lortu, egoera honen aurrean hartzeko prest dauden neurriak ezagutzeko. Protesta ostiralerarte mantenduko dugu, eta ondoren ikusiko dugu zein pauso eman.
Dagoeneko 3.000 euro lortu dituzue crowdfunding-ari esker; zein da helburua?
Gutxienez 10.000 euro lortu nahi ditugu herrialdean aldaketa piztuko duen proiektua martxan jartzeko. Badugu bertan sortu dugun Bask arropa marka; modu etikoan zein ekologikoan ekoitzitako arropa da, bertako langileei lan baldintza duinak eskaini eta beren ingurunea errespetatuko duen ekoizpen prozesua jarraituz. Crowdfunding-etik jasotako diru guztia prozesu horretan inbertituko dugu, Bangladeshen lan baldintza duinak bermatuko dituen eta ingurugiroa errespetatuko duen josteko tailerra eraikiz.
Zer ikusi zenuten Bangladeshen ekintza-kate hau martxan jartzeko?
Espero genuen moduan, lan baldintza gogorrak jasaten dituzten haurrak eta emakumeak topatu genituen, baina benetan "txip"-a aldatu ninduenak egoera bera izan zen; bat-batean bertan ginen, mendebaldeko gazte zuri pribilegiatu batzuk, hegazkinetik jaitsi berriak, egunean bi dolarren truke arropa tailerrean zortzi ordu baino gehiago egiten zituen haur baten jarduna grabatzen. Eszena hori kanpotik ikusi eta ikaratu egin nintzen. Okerrena hauxe da; Bangladeshko haur eta emakumeek ez dakite norentzat ari diren lan egiten, Zara, H&M... oso zaila da ekoitzitako arropa horrek non amaitzen duen jakitea.
Zein da gutako bakoitzak duen ardura? Nola jakin dezakegu zer kontsumitu aldaketa bultzatzeko?
Kontziente izan behar dugu erosten dugunaz, prezioaz, jatorriaz. Dena den, ni ez nago hemen bakoitzaren erabaki indibidualak kritikatzeko, sistema bera aldatzen saiatzeko baizik. Lehen egunean Zaran sartu eta langileei argi utzi nien nire protesta ez zela haien lan jardunaren aurka, industriaren antolaketa zela salatu nahi nuena. Gauzak zein punturaino dauden gaizki adierazi nahi dut.
Baskeko crowdfunding kanpaina
Bask markak josteko tailerra jarri nahi du martxan, Bangladeshko langileen lan baldintzak hobetu eta ingurugiroa errespetatzeko helburuarekin; proiektua aurrera ateratzeko gutxienez 10.000 mila euro behar dituzte. Lagundu nahi baduzu, egin klik jarraian.