Jon Rahm barrikarra, munduko lehena golfean
Euskal golf-jokalariak 25 urterekin eskuratu du golfaren gailurra.
Legutioko golf zelaian Edorta Rahm aitarekin golfean ibilita sartu zitzaion Jon Rahmi (Barrika, Bizkaia, 1994) kirolarekiko zaletasuna, eta aitak berak kontatu izan duen moduan, 14 urte zituenean dagoeneko beti irabazten zien hari eta anaiari. Halere, Jonek promesa bat egin zien gurasoei; lehenik ikasketak amaituko zituela, eta soilik ondoren sartuko zela golf profesionalaren munduan. Hala, 17 urterekin Arizonara joan zen, ikasketak golfarekin batera jarraitzeko leku bakarra AEBak zirelako; Komunikazio ikasketak amaitu, eta profesional gisa lehen urratsak ematen hasi zen, munduko lehen postura 25 urterekin iritsiz.
Indartsu hasi zen Rahm golf profesionalean, eta munduko lehen postua lortu aurretik 11 txapelketa irabazi ditu; behin, Tiger Woods-i ere irabazi zion, nahiz eta berak ez duen kontutan hartzen, dagoeneko erretiratzekotan baitzegoen golfaren izar handia. Adituek diotenez, Rahm golf-jokalari irmoenetakoa da, eta horrek eskaini dio horren gazte gailurrera iristeko gaitasuna.
Golfaren munduan lehen postua lortu duen lehen euskalduna da Rahm, eta aurretik soilik 24 golf-jokalarik lortu dute postu horretara iristea mundu osoan.