Jonathan Martinez: “Albiste faltsuek mundua mugitzen dute”

Jonathan Martinez: “Albiste faltsuek mundua mugitzen dute” Twitter-eko erabiltzailea bazara ziur Jonathan Martinez (Bilbo, 1982) izena ez zaizula arrotza egingo. Bere txioek milaka eta milaka birtxiokatze izan ohi dituzte, tresna honen bidez arazo sozialak aireratzen baititu ahoan bilorik gabe. Hori horrela, azken urteetako hainbat albiste eta kasu polemiko desestali ditu. Sevillan bizi den arren Etxarri Aranatzen (Nafarroa) elkartu gara berarekin, gure harridurarako, iragarki bat zuzentzera etorri baita. Ezustekoz, umorez eta jakituriaz gainezka dago ikus-entzunezko ikertzailea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jonathan-martinez-201calbiste-faltsuek-mundua-mugitzen-dute201d/@@download/image/ELKARRIZKETA-JonathanM-18.jpg
2020/08/03
elkarrizketa

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Argazkiak: Irantzu Pastor @irantzupastor

Twitter-eko erabiltzailea bazara ziur Jonathan Martinez (Bilbo, 1982) izena ez zaizula arrotza egingo. Bere txioek milaka eta milaka birtxiokatze izan ohi dituzte, tresna honen bidez arazo sozialak aireratzen baititu ahoan bilorik gabe. Hori horrela, azken urteetako hainbat albiste eta kasu polemiko desestali ditu. Sevillan bizi den arren Etxarri Aranatzen (Nafarroa) elkartu gara berarekin, gure harridurarako, iragarki bat zuzentzera etorri baita. Ezustekoz, umorez eta jakituriaz gainezka dago ikus-entzunezko ikertzailea.
Jonathan Martinez: “Albiste faltsuek mundua mugitzen dute”

Kazetari bati elkarrizketa egitea ez da erraza izaten. Aholkurik?
Mundu guztiak hori uste duen arren, berez ni ez naiz kazetaria. Gauza bat da kazetaria izatea edota kazetaritza lantzea, eta beste bat galderak egitea. Nik behintzat artikuluak idazten ditut, erreportajeak eta oso noizean behin galderak ere egiten ditut, baina galderak egitearen “arte” hori ez da soilik kazetaritzarena.
Oso ezaguna zara Twitterren batik bat, baina sentsazioa daukat zeure inguruan misteriozko aura moduko bat sortu dela, jendeak ez daukalako oso argi nor zaren ala zer egiten duzun. Irakurlea apur bat kokatzeko, konta iezadazu nor den Jonathan Martinez...
Errazena hasieratik hastea izango da. Hispaniar Filologia ikasi nuen, batez ere literatura gustuko dudalako, Hego-Amerikako literatura bereziki, Borges, Cortazar, Garcia Marquez, Bolaño eta abar. Bide hori jarraituz, beste master batean murgildu nintzen, oso berria zena, Madrilgo Complutensen, Creative Writting edota Sormen Idazkera deiturikoa, estruktura narratiboak ikasteko eta aztertzeko mekanikak irakasten zizkiguten. Hortik aurrera idazten hasi nintzen, baina ez fikzioa, kazetaritza baizik, sekulako ariketa izan zen niretzat. Mahai gainean ideia bat daukagunean, nola eta nondik hasi idazten. Horretarako kazetaritzaren eskema hori oso eraginkorra izan da niretzat. Esaten zidaten adibidez, “bihar 12:00tarako artikulua prest” eta horrek behartu egiten ninduen. Hemendik beste adartxo bat jaio zen eta beste bide bati ekin nion, gidoiak ere aztertzen nituelako, estruktura narratiboak. “Ni ez naiz kazetaria, istorioak kontatzen dituen pertsona bat baizik” pentsatu izan dut beti, eta gidoi horietatik zinemarekin egin nuen lotura. Kazetaritza tresna bat besterik ez da, literatura aldiz medioa. Zinema zuzendaritza ikasten eta ikertzen hasi nintzen Sevillan.
Zergatik Sevillan?
Bertan Alberto Rodriguez zinema zuzendaria zegoelako (La Isla Mínima, 2014), eta belaunaldi hori Sevillan zegoen ikus-entzunezko komunikazioa ikasten. Bertatik Cinexin Belaunaldia delakoa sortu zen. Pertsona horien ezinegonekin master bat sortu zen eta hor hasi nintzen film laburrak sortzen eta kamerarekin gauza desberdinak egiten.
Une honetan Sevillan bizi zara?
Bai, Unibertsitatean aritzen naiz lanean ikus-entzunezko ikerlari moduan, ez dakit noiz arte. Orain tesia bukatzen ari naiz Alejandro Gonzalez Iñarritu zinegilearen inguruan. Bere hasierako filmen inguruko lana burutzen ari naiz, Amores Perros, 21 Gramos eta Babel.

"Bihar Twitter amaitu egingo da eta etzi zerbait berria sortuko da"

Noiz hasi zinen Twitterren arrakasta izaten eta nola lortzen dira 109.000 jarraitzaile?
Hasteko, tresna oso ongi ezagutu behar da, eta Twitter tresna bat besterik ez da. Fetitxismo apur bat dago honen inguruan, baina bihar Twitter amaitu egingo da eta etzi zerbait berria sortuko da. Gauzak biralizatu ahal izateko mekanika bat dago, eta mekanika hori oso ondo ezagutu behar da. Orain urte batzuk ildo bat topatu nuen: Euskal Herrian gertatu zena edo gertatzen ari dena, “kanpokoei” kontatzea, Euskal Herritik kanpo bizi direnei. Gure kontaketa, geure artean soilik kontatu dugula uste dut, eta Twitter nire bizitzan sartu zenean, beste leiho berri bat ikusi nuen mezu hauek zabaltzeko, gure historia Euskal Herritik kanpo ezagutarazteko. Sekulako erantzun ona izan nuen, eta noski beste aldekoen txarra ere. Lehen aipatu dizudan mekanika horren parte ere bada polarizazio hori eta oso interesgarria izan zen. Gainera Katalunian gertatu zenarekin lotura zegoen. Guretzat eta niretzat, terapia bat izan da gurea kontatzea. Kataluniakoentzat zer esanik ez, haientzat oso lagungarria izan baita. Alegia zerbait gertatu dela orain arte eta ez dela guztia hutsetik hasi. Kataluniarrentzat gure esperientziari buruz irakurri ahal izatea, oso lagungarria izan da eta asko ikasi dute.

"Zerbait doan denean produktua zeu zara. Guk erabaki dugu eredu honekin
sortzaileei dirua ez ematea eta produktu bihurtu gara”

Oso deigarria egiten zait sare sozialetan bideoak, dokumentazioa edota testuak argitaratzeko duzun gaitasuna, berriak ateratzeko, dokumentalak diruditen hariak sortzeko eta abar. Nolakoa da zure lan prozesua?
Normalean berri bat dago, adibidez Altsasun gertatu zena. Altsasukoa gertatu zenean egunkari guztietan zegoen zerbait, eta nik erabaki nuen ez soilik berria kontatzea, baizik istorioa. Twitter testuinguruaren desagerpena da, eta ni saiatu nintzen berri horri testuingurua jartzen. Istorio hori ezagutzen dut, beraz iturriak non dauden badakit, adibidez “Iñaki Egañak 2005ean ez dakit zer berri atera zuen”, hori hartzen dut eta lotu egiten ditut istorioa eraikitzeko.
Baina nola lortzen duzu lotura horiek egitea?
Memoriari esker. Puzzlea osatzea lortzen dut buruan ditudan datuei esker eta istorioa eraikitzen hasten naiz. Lanketa prozesuaren hasieran, “Zer motatako istorioa kontatu nahi dut?” pentsatzen dut. Imajinatu adibidez kontakizun zirkularra azaldu nahi dudala, beraz badakit nola bukatuko den; hau bertsolaritza bezalakoa da. Badakit nondik pasa behar dudan eta noraino heldu nahi dudan. Twitter istorioaren eta kontakizunaren estruktura da. Unibertsitateko lana baliagarria izan zait istorioek zein eragin duten eta nola funtzionatzen duten jakiteko. Egitura da garrantzitsuena eta hori memoriarekin betetzen saiatzen naiz. Gero jakina ikerketa lan bat egiten dut. Data konkretu bat gogoratzen badut, hemerotekara joan eta tiraka hasten naiz. Publizitatean storytelling-a deitzen diote.

ERREPORTAJEA OSORIK IRAKURRI NAHI?
EROSI UZTAILEKO ZENBAKIA GAZTEZULO DENDAN
EDO ONLINE IRAKURRI HARPIDETZAREKIN!