Jordi Évole: "Nahi duguna elkarrizketatzeko eskubidea dugu; are gehiago Arnaldo Otegi bada"

Euskal Herrian audientzia datu bikainak ditu Espainiako La Sexta telebista kateko 'Salvados' saioak. Boterearen azote gisa ikusia den Jordi Évolerekin (1974, Cornellà del Llobregat) izan gara.



Pozez hartu du gure bisita, eta parez pare zabaldu dizkigu Ramón Lara zuzendari eta ekoizlearekin batera duen bulegoaren ateak. Elkar aurkeztu eta elkarrizketa hastear dugula oparitu diogu GAZTEZULOren martxoko zenbakia, eta konturatu gabe, bera hasi da gu elkarrizketatzen; berezkoa du jakinmina. Kontatu digu lagunekin egin zuen lehendabiziko bidaietako batean etorri zela Euskal Herrira estreinakoz, eta ordutik, estimu berezia diola gure lurrari.

Ez nekien hainbertzeko estimua zenionik Euskal Herriari...
Duela gutxi, udako oporretan, zure herritik (Bera) gertu egon nintzen, Zugarramurdiko borda zoragarri batean. Tira, berez katalan orok du Euskal Herriarekiko miresmena, eta nire kasuan, bertan ezagutu dudan jendeagatik miresten dut, arrazoi politikoengatik baino gehiago. Katalanoi falta zaigun berezko izaera duzue, ausartak zarete eta ideiak argi dituzue... Niri ere halakoa izatea gustatuko litzaidake! Badakizu, ez garen hori mirestea da gizaki ororen joera.

Joera hori aldatzen ari dela aipatzen da Katalunian; orain, Euskal Herriak begiratzen omen du liluratuta Kataluniara.
Gutxiegi ezagutzen zaituztet edo baieztapen hori ez du sekula euskaldun batek onartuko. Kataluniaren eta Euskal Herriaren testuinguruak oso desberdina dira, eta maizegi alderatu ohi ditugu alderagarriak ez diren gauzak. Badakizu, Espainia ez da Grezia, Katalunia ez da Euskadi... Kar, kar, kar.

‘Salvados’ (LaSexta) telebista saioak bost urte bete zituenean aitortu zenuen Arnaldo Otegiri egin zenion elkarrizketa izan zela ordura arte egindako zailena. Geroztik hainbat egin dituzu; zailagorik?
Zalantzarik gabe, nire ibilbideko elkarrizketa zailenen zerrendan kokatzen dut Otegirena, batez ere, elkarrizketa hitzordurik ez genuelako! Bertara iritsi ginenean ez gintuen inork espero, eta jende guztia harrituta gelditu zen. Are gehiago, Otegirengatik izan ez balitz, ziurrenik ez genuke elkarrizketa egingo, bere inguruak jarri baitzituen berak baino traba gehiago.

Zalaparta galanta eragin zuen elkarrizketak.
Madrilgo hedabideetatik zaplastekoak bata bestearen atzetik jaso genituen, eta banda armatuarekin kolaboratzen genuela ere salatu zuten. Elkarrizketa haren ondorengo egunetako berriak gordetzen ditugu oraindik. Ikaragarria izan zen! Hala ere, argi dut kazetariok nahi dugun protagonista elkarrizketatzeko eskubidea dugula; are gehiago Arnaldo Otegi bada.

Oker ez banago, berriro elkarrizketatu nahi duzu, baina otsailean Fernández Díaz Espainiako Barne ministroari egin zenion elkarrizketan aipatu zenuenaren arabera, Espetxe Erankundeak debekatu egin dizu.
Otegirekin hitz egin dugu, eta bera prest dago Logroñon elkarrizketa egiteko, baina Espetxe Erakundeak, momentuz, ez digu baimenik ematen. Beraz, Barne ministroari egin nion elkarrizketa erabili nuen, era berean, formalki baimena eskatzeko. Egia esan, herrialde honetan atzeraka goaz: 90eko hamarkadan Jesús Quinterok Cuerda de presos izeneko saioa egiten zuen Televisión Española katean, eta astero-astero preso bat elkarrizketatzen zuen. Gaur egun, aldiz, ezinezkoa da; are gutxiago Otegik duen izaera politikoko preso bat elkarrizketatu nahi dugunean.

Fernández Díaz aipatu duzula, Euskal Herriak dagoeneko badu Mozal Legearen biktima bat: Topatu.info atariko Iraitz Salegi. Zein iritzi duzu zuk lege horren inguruan?
Jendearen askatasuna mugatzen duen lege ororen kontra nago. Gaur egun bizi dugun gatazka unean ez da ideiarik onena kalera aldarrikapenak egitera atera nahi duen jendea kikiltzen saiatzea. Tamalgarria iruditzen zait.

Eta Euskal Herritik kanpo, Bárcenas elkarrizketatzeko irrikitan zaudela entzun dugu...
Elkarrizketatu nahiko genuke, baina uste dut ez dugula lortuko. Batez ere, Salvadosen elkarrizketuei ez diegulako ordaintzen. Beragatik, eta aurrekariak ikusita, agian gehien ordaintzen dionari bakarrik emango dio elkarrizketa…

Ustelkeriaz ari garela, Katalunian ezusteko galanta izan duzue Jordi Pujolen harira. Nola bizi izan duzu zuk?
Katalunian engainatuta gintuen. Azkenaldian kazetariok ez genion galdera deserosorik egiten, ezta nik egin nion elkarrizketan ere. Eskolak, errepideak eta egoitzak inauguratzen ikustera ohitu ginen. Are gehiago, bere familiarekin edota ondarearekin lotutako informazioa ateratzen zenean, prozesu suberanistaren aurkako eraso zela esaten genuen. Baina, begira, azkenean jakin dugu egia zela, eta sekulako etsipena izan da. Argi dago garrantzitsua dela politikariak ez donestea. Ezin dugu onartu buruzagi politikoek zigorgabetasunaren jabe direla pentsatzea.

Itzuli gaitezen ‘Salvados’ saiora. Aurreko edizioetan Muskizen eta Errenterian izan zinen. Espainiako hedabideek sarri azpimarratzen duten tentsioa bizi izan duzu zuk Euskal Herrian?
Grabatzen ari naizenean tentsio unerik ez dut sekula sumatzen, agian, lantaldearekin eta kamerekin egoteak babesa ematen didalako. Baina egia da, gero, edizio aretoan irudiak ikusten ditugunean, bizi izan ditudan tentsio uneez jabetzen naizela. Hala ere, euskaldunen artean grabatu ditudan saio guztietan oso eroso sentitu naiz. Gainera, Euskal Herriak estimu berezia dio Salvadosi, eta saioa gehien ikusten duen autonomia erkidegoa da, alde handiarekin gainera!

Zein da, zure ustez, euskaldunok oraindik zintzilik dugun ikasgaia?
Azkenaldian asko gainditu dituzue, neska! Egia esan, aldaketa nabarmena ikusi dut bertan egin ditugun azken saioetan. Aspaldi, Estatuko alderdi politikoetako jendeak kamera aurrean hitz egiteari beldurra zion, eta azken saioetan aldiz, beldurrik gabe hitz egin dute. Alderantziz, lehenago harrotasunez hitz egiten zuen bat baino gehiago zuhurragoa izan da azkenaldian. Ez dakit beldur kontua den, baina argi dago jende anintzentzat orain Euskal Herrian bizitzea ez dela urte askotan izan den bezain mingarria.

Aurrerantzean nor elkarrizketatu nahiko zenuke?
Ez dut helburu zehatzik, baina politikari ohiak elkarrizketatzea asko gustatzen zait, izan ere, kargurik ez dutenean gehiago hitz egiten dute. Zentzu horretan, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria elkarrizketatu nahiko nuke. Gainera, saioko lantaldean Laudioko bi ahizpa ditugu, eta espero dugu euren partaidetza erabakigarria izatea elkarrizketa egin ahal izateko.

Zazpi urte bete ditu aurten ‘Salvados’ saioak. Presiorik jasotzen duzue azaleratzen dituzuen gaiak jorratzeagatik?
Gure zuzendarientzat eta La Sextan publizitatea jartzen dutenenentzat gustukoa ez den saioa egiten dugu maiz. Baina Salvados-ek ikuslegoaren aldetik duen indarra gure alde erabiltzen dugu, mugak non dauden ikusteko. Eta orain arte, behintzat, nahi izan dugun guztia publikatu ahal izan dugu, gure nagusien gustukoa ez izan arren. Arrakastak askatu eta indartzen gaitu.

Zenbaitetan, baliabide guttiago dituzten bertze profesionalen lanaz baliatzen zarete.
Noski, baina iturria beti argi utzita. Baita ohiz kanpoko kasuetan ere, Valentziako metroaren inguruko saioan egin genuen bezala; oraindik estreinatu ez duten 0 Responsables dokumentala egin zuen kazetari baten testigantzarekin hasi genuen saioa, eta espero dugu gure saioan ateratzeak dokumentala egiteko baliabide gehiago izateko balio izana. Niretzat informazioa ez da inoren ondarea. Sarriago partekatuko bagenu, boterearen azterketa sakonagoa egiteko gai izango ginatekeela uste dut. Ez naiz esklusibengatik lehiatzea maite duen kazetaria.

Krisiak gogor zigortu du kazetaritza. Nola ikusten duzu zuk ogibidea?
Kazetaritzaren egoera eskizofreniaren gisakoa dela esango nuke. Batetik, urrezko aroa da, jendeak sekulako interesa duelako egun gertatzen denarekiko. Baina, aldi berean, gure kazetaritza enpresak ahul daude orain, galeraz, kredituz eta zorrez josita. Horregatik, zoritxarrez, gaur egun garrantzia handiagoa dute hartzekodunek editoreek baino, eta hori oso larria da.

Kazetari gisa Viladecanseko (Herrialde Katalanak) telebistan hasi zinen.
Zenbaterainoko garrantzia dute zure ustez herri telebista eta irratiek?
Kazetaritzaren eskolarik onena direla esango nuke, eta zenbaitetan kazetaritza fakultateek izan ditzazketen gabeziak ordezkatzen dituzte. Nigatik balitz, herri bakoitzak tokiko hedabide bat izango luke.

Umoristaz jantzitako kazetariaren etiketa esleitu zitzaizun gero, Buenafuenteren saioan Follonero pertsonaiarena egin zenuelako. Identifikatuta sentitzen zara?
Nahasketak maite ditut, eta Salvados saioa ezaugarri anitzen batuketa dela esango nuke. Andreu Buenafuenterekin bizitakoaren eraginez badu saioak umoretik, baina kazetaritzatik eta dokumentaletik edaten du gehiago. Nahasketa horretatik aterako proposamena da Salvados, orain arte egin ez den zerbait. Baina aitortu behar dut etiketa guztiak handiegiak direla niretzat, eta horregatik, jantzia nire neurrira egiten joan naiz.

Hainbatetan kritikatu zaituzte, ideologia markatua duen kazetaria zarelako. 
Ez pentsa, zenbaitetan behar baino kritikoagoak izaten gara antzeko ideologia duten elkarrizketatuekin. Baina tira, ikuslegoak erantzungo lizuke hobeto.

Objektibitatean sinesten duzu?
Ez, guztiok aurreiritziz betetako motxila daramagulako gainean. Horregatik, gehiago sinesten dut zintzotasunean.

Nolakoa litzateke zuretzat telebista ideala?
The Simpsons telesailaren kapituluak egunero dituena. Serio ari naiz, egungo gizartearen inguruan sekula egin den erretraturik basatiena da.

Nola erregulatuko zenuke telebista ideal hori?
Hasteko, ikuslearentzat interesgarria iruditzen zaidan parrila bat osatuko nuke, eta batez ere, saio bakoitzaren arduradunei, bere linea editorialaren baitan, nahi dutena egiteko baimena emango nieke.

Amaitu aurretik, nola bizi duzu zuk Kataluniako prozesu suberanista?
Denbora-pasa gisa gauza on bat du prozesuak: kulebroi bat da. Pertsonaia eta trama berriak daude; lehendabizikoa 2012an Bartzelonan izan zen manifestaldi ikaragarria izan zen, eta prozesuak aurrera egin ahala, ikuslea engaiatzen duten elementu berriak sortzen dira. Katalan asko engantxatu da kulebroi honetara, eta agian orain kapitulu aspergarriak bizi dituen arren, ziur nago aurki pasarte berriak iritsiko direla. TV3-k gai honen inguruko telesaila egin zezakeen...

Ez al duzu uste dagoeneko egiten duela?
Agian bai, baina telesailen ordutik kanpo... Kar, kar, kar.

Erabakitzeko eskubidearen alde zaude?
Erabakitzeko eskubidearen aldekoa naiz, noski, baina dena erabakitzeko. Generalitateak hezkuntzan eta osasungintzan egin dituen murrizketen inguruan ere erabaki nahi izango nuke, adibidez. Murrizketa horiek ez zetozen idatzita alderdi politikoen hauteskunde-programan. Demokrazian erabaki politiko ororen inguruan bozkatu beharra dago, horrela bakarrik argituko baititugu zalantza guztiak.

Jordi Évoleren kuttunak


Pelikula bat: Tasio (Montxo Armendariz, 1984).
Musika talde bat: Petit de Cal Eril.
Abesti bat: Sarri, Sarri (Kortatu).
Lluis Llach edo Joan Manuel Serrat? Biak maite ditut asko. Gizateriaren Ondare dira biak.
Liburu bat: También esto pasará (Milena Busquets, 2015).
Miresten duzu: Messi, errenta aitorpena egiten duenean izan ezik.
Gorroto duzu: Inor ez.