Juanmi Gutierrez: "Nire belaunaldiko ikusleak mundu ezezagun eta liluragarria ezagutuko du"

Gaur egingo dute Zinemaldia.cat ekimeneko sari banaketa eta 19:30etan ikusgai izango da, dokumentalen sailean azken filma: ‘Ateak Zabalduz’. Juan Miguel Guiterrez zuzendariak Oarsoaldeko mugimendu okuparen inguruan egin duen lana.



Oker ez banago, dokumentalaren lehenengo hazia duela 20 urte landatu zenuen, okupa gazte bat protagonista zuen gidoia idatzi zenuenean, ezta?


Nire hiloba batek Arditurrin izan zuen esperientziaren harira gerturatu nintzen mugimendu okupara, bere etxea utzi eta etxe okupa batera bizitzera joan zenean. Orduan fikziozko gidoi bat idatzi nuen, baina ez zitzaion inori interesatu. 20 urte pasa direnean, gaia hartu eta dokumentalera ekarri dut. 

Zenbat denbora hartu dizu errodajeak, eta nola joan da?


Urtebete inguru hartu zuen errodajeak. Okupen eskuzabaltasunak markatu zuen lana, euren etxeko ateak parez-pare ireki zizkidatelako, baina batez ere, euren bihotzak eta pentsamoldeak ezagutzeko aukera eman zidaten, niretzat erabat ezezaguna zen mugimendu okupara gerturatzeko. Honetan lanean hasi nintzenean, geure belaunaldiak markatutako aurreiritzien begietatik ikusten nuen mugimendu okupa.

Hasieran Lezoko Txerrimuño sagardotegi okupatuaren istorioa egin nahi zenuen arren gerora esperientzia gehiago sartzea erabaki zenuen. Zergatik?


Mugimendu okuparen aniztasuna ulertzeko interesgarria iruditu zitzaidalako esperientzia desberdinak ezagutzea. Ez baita homogeneoa, anitza eta aberatsa baizik.

Zein dira dokumentalean parte hartzen dutenak, eta zein irizpide izan duzu aukeraketa egiterako orduan?


Irizpidea geografikoa izan zen. Biztanleriari eta gizarteari dagokionez antzekoak diren bi herri aukeratu genituen: Lezo eta Oiartzun, eta bertan aurkitu genituen Txerrimuño, Lobato Etxea, Goiko Eskola, Minas de Arditurri, Mosa eta Urkabe. Abiapuntu anitz honetatik mugimendu okuparen historia eta oinarriak erakusteko aukera izan genuen.

Helburu nagusia, hortaz, mugimendu okupari maizegi aitortu ohi zaizkion aurreiritziak baztertu eta haren abantailak erakustea da. Erraza egin al zaizu hori pantailara eramatea?


Dokumentalean parte hartu zuten lagunekin harreman ona lortzea da gakoa, eta errodaje taldean ere noski. Aurreiritziak baztertuz, elkarbizitzak giro lasaia eta sinesgarria ekartzen du. Pertsonalki, dokumentala egin ondoren ulertu dut mugimendu okupa eta estimua diot. Batez ere, nire belaunaldiko ikusleak mundu ezezagun eta liluragarria ezagutzeko aukera duela iruditzen zait.

Dokumentala egin ondoren zertan esango zenuke desberdintzen direla gaur egungo okupak, 80 eta 90ko hamarkadakoekin?

80ko hamarkadako okupak ideologia anarkista eta antikapitalistaz politizatuagoak zeuden. Egun, izaera praktikoagoa nagusi da gehiago ideología baino.

Ateak Zabalduz dokumentala gaur ikusgai izango da Bartzelonako Girona zinemetan, Euskal Etxeak antolatzen duen Zinemaldiaren baitan. Zenbaterainoko garrantzia du zuretzat hemen aurkeztu ahal izateak?

Funtsezkoa iruditzen zait mezu sakona duten filmek gure gizarte txiki eta itxitik at bidaiatzeko aukera izatea. Are gehiago Katalunian bada, mugimendu okupak izan duen garapena kontutan hartzen badugu.