Justin Bieberren osasun mentalarekiko kezka sortu da beste behin

Guztiok izaten ditugu aldartean gorabeherak eta gutako batzuek baita osasun mentalarekin lotutako gaitzak ere. Ikusgarritasun handia izateak, komunikabideak zuri buruz hizketan aritzeak, sare sozialetako iruzkinek, eta ospearen bueltako ezaugarriek egoera zaildu dezakete ordea.
Justin Bieber abeslari kanadarrak behin baino gehiagotan hitz egin izan du psikologikoki izan dituen arazoez. Azken adierazpena Instagram Story batean egin du eta autoestimuaz eta iruzurti baten pare sentitzez idatzi du: "Jendeak bizitza osoan esan izan dit merezi dudala, baina nik beti sentitu izan dut ez nuela merezi. Iruzurra banintz bezala. Nire pentsamenduak ezagutuko balituzte... nola epaitzen dudan nire burua, zein neurekoia naizen... ez lukete hori esango. Azeri samarra zarela pentsatzen baduzu, ongi etorri klubera. Ez nagoela prest eta ezgauza naizela sentitzen dut egun gehienetan".
Hamabost urte baino gehiagoko ibilbide arrakastatsua izan arren, gutako askori gertatzen zaigun bezala, iruzurtiaren sindromea pairatzen du Bieberrek. Eta horren aurrean, alferrik dira askotan kanpotik esaten dizkiguten gauza onak.
Aurrez pairatutako depresioaz ere aritu izan da solasean eta 2019an zaleei bere alde errezatzeko eskatu zien, garai zaila bizitzen ari zela eta. "Deskonektatuta eta arraro" sentitzen zela aipatu zuen, baina beti errekuperatzen zela eta ez zegoela kezkatuta.
Papparaziei aurre egin
Duela egun batzuk Kaliforniako kafetegi batetik ateratzen ari zela, paparazziekin haserretu zen musikaria. Egun onak ez emateko esan zien paparazziei eta eskuak jarri zituen kameren aurrean, graba ez ziezaioten. "Diru, dirua, dirua... alde hemendik... dirua da nahi duzuen gauza bakarra", esaten zien.
Presioa eta famaren alderdi iluna ere bizi du Bieberrek eta bistakoa da batzuetan gainez egiten diola egoerak.