"Kaixo! Luix Mitxelena naiz Oiartzun sakoneko gizaki maltzur, anker eta zitala"

"Kaixo! Luix Mitxelena naiz Oiartzun sakoneko gizaki maltzur, anker eta zitala" Goizean goiz mugikorra piztu eta GAZTEZULOko WhatsApp taldera bideo bat iritsi da, 'Perretxiko Aluzinojenua - Kaluixmotxo' izenburuarekin. Hiru minutu eta 37 segundoko barre-algaren ostean, egilea nor den deskubritu nahi izan dugu. Sare sozialak arakatu ostean azkenik topatu dugu: 18 urteko Luix Mitxelena oiartzuarra dago bideo dibertigarri eta fresko honen atzean. Jakinguraz elkarrizketatu nahi izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kaixo-luix-mitxelena-naiz-oiartzun-sakoneko-gizaki-maltzur-anker-eta-zitala/@@download/image/IMG_0714.JPG
2019/09/09

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Goizean goiz mugikorra piztu eta GAZTEZULOko WhatsApp taldera bideo bat iritsi da, 'Perretxiko Aluzinojenua - Kaluixmotxo' izenburuarekin. Hiru minutu eta 37 segundoko barre-algaren ostean, egilea nor den deskubritu nahi izan dugu. Sare sozialak arakatu ostean azkenik topatu dugu: 18 urteko Luix Mitxelena oiartzuarra dago bideo dibertigarri eta fresko honen atzean. Jakinguraz elkarrizketatu nahi izan dugu.
"Kaixo! Luix Mitxelena naiz Oiartzun sakoneko gizaki maltzur, anker eta zitala"

Zertaz ari garen jakiteko eta elkarrizketan murgildu aurretik, lehenik eta behin ikus ezazu aipatu dugun bideoa:

 Guk deskubritu zaitugu jada, baina ezagutzen ez zaituenarentzat, aurkeztu zure burua mesedez...
Iepa Gaztezulotarrok! Ni Luix Mitxelena Mitxelena naiz, ziurrenik ezagutuko ez duzun Oiartzun sakoneko gizaki maltzur, anker eta zitala. 18 urte ditut, eta antzerki munduan murgilduta nabil, hori baita bizitzeko indarra ematen didan gauza bakarrenetako bat. Hortaz gain, ikus-entzunezko proiektuak egitea eta noizean behin parrandan ateratzea dira nire pasioa. Irribarre bat ateratzea da niretzako saririk handiena.

Nola eta zergatik sortu zen “Perretxiko Aluzinojenoa” bideoaren ideia?
Ideia bat pizten zaidanean normalean ez dut gauzatzen. Baina oraingoan ezberdina izan da: kanta bat egin behar nuela otu zitzaidan, eta halaxe egin nuen. Ordenagailuarekin betidanik nahiko “frikia” izan naizenez, eta txikitatik organo eta piano-jotzaile naizenez, ez da hain korapilatsua izan. Betidanik deitu izan didate perretxiko haluzinogenoek atentzioa; haluzinazioak sortzeko duten ahalmen hori. Baina aspalditik pentsatu izan dut, drogatzeko ez dela inongo material fisikoren beharrik, droga guk dugula barnean. Ildo horretatik sortuz joan zen kantua: gaueroko buruki eta nire arteko eztabaida korapilatsuetatik.

Azaldu grabaketa nolakoa izan zen...

Grabaketa erokeria hutsa izan zen; lagunen laguntza ezinbestekoa izan zen. Gipuzkoako herri ezberdinetan grabatu behar nuela setatu nintzen, eta hala, gidoi teknikoa sortu, planninga egin, eta aste batean herriz herriz ibili ginen: Zumaia, Zarautz, Tolosa, Donostia, Orereta, Lezo eta Oiartzunen. Herritarren aldetik ere babes handia jaso genuen.

"Gorroto dut gaur egungo artearen izaera komertziala. Nire esfortzu guztiaren helburua ez da inoiz izan dirua edo ospea lortzea"

Zer nolako feeback-a jaso duzu behin bideoa argitaratuta?

Banekien gertukoek ez zidatela gauza txarrik esango. Dena den, ezin ninteke zoriontsuago egon jasotako erantzunekin. Ez nuen pentsatuko hainbeste zabalduko zenik. Eskerrak eman, ezin dut gehiagorik egin, eskerrak eman babesa emandako guztiei.

Bideo hau bakarrik egingo duzu ala etorkizunari begira gehiago dituzu buruan?

Beste ideia bat sortuko balitzait, baliteke beste bideoren bat egitea. Dena den ez zait indarrez pentsatzea gustatzen, eta ez dut bideoak igotzen hasi nahi presioagatik edo beste ezerengatik.

Ikasketak ikus-entzunezkoetara bideratu nahiko zenituzke ala hobby moduan egin nahi duzun zerbait da?

Ikaragarri gustatzen zaizkit ikus-entzunezkoak. Hala ere, arazo larri bat izan dut bideoaren sormen prozesuan: dena egitea gustatzen zaidala; abestia produzitu, letra sortu, abestu, antzeztu, grabatu,... eta egindako lanaren ostean ikusi dut ezinezkoa dela gaur egungo bizimoduekin lan guztiak pertsona bakar batek egitea. Itzuliz, ikus-entzunezkoak ikaragarri gustatu arren, nik uste benetan antzerkia dela gehien betetzen nauena.

"Antzerkiaren bitartez nire barrena arakatu eta nire burua hobeto ezagutzea da nire nahia."

Eta zein izango litzateke zure etorkizuneko ametsa?

Lehen aipatu bezala antzerkitik bizitzea da nire ametsa. Askok hori entzutean Hollywoodera iritsiko naizela esaten didate. Ez. Badakit asmo onenekin egiten dutela. Hala ere, ez dut Euskal Herritik atera nahi, dela klaseak emanez, antzerkiak ekoiztuz eta abar. Antzerkiaren bitartez nire barrena arakatu eta nire burua hobeto ezagutzea da nire nahia.

Sare sozialak ezinbestekoak dira bideo hauek zabaltzeko?

Bai. Sare sozialak beharrezkoak dira gaur egun bideo hauek zabaltzeko. Sare sozialik egon ezean, nire gertuko lagunek eta familiak justu-justu izango zuten ikusteko aukera. Beraz, sare sozialek gaur egungo gizarteari kalte handia egiten ari diren arren, badute beren alde ona.

Erreferenterik baduzu?

Ez dut erreferenteren batean pentsatu sortzen ari nintzen bitartean. Baten batek esan dit Brinkola telesailaren antzekotasuna duela. Hala eta guztiz ere, ezinezkoa da erreferenterik ez izatea: sortzen dugun arte guztia beste norbaitek jada sortu duenetik datorren eraldaketa moduko bat delako. Hau da, material bat bezala; metxeroak ez lirateke izango aurretik pospoloak asmatuko ez balira, eta aurretik sua sortzea lortu ez balitz.

Posible da era honetako bideoak euskaraz egitea eta ikuslegoari iristea?

Noski baietz. Gaur egun, zorionez, euskarak indar handia du. Dena den aurreiritzi asko daude, eta ezagutu dut euskal musika “txartzat” jotzen duen jendea, euskaraz izate hutsagatik. Lastima.

Argi duzu euskaraz egin nahi dituzula etorkizuneko bideoak ala hizkuntzari ez diozu garrantzirik eman nahi?

Nik oso argi dut euskaraz sortuko dudala, batez ere, beste hizkuntza batean ez nintzatekeelako horrelako zerbait sortzeko gai izango, oraingoz behintzat. Noizbait gaztelerara pasatzen banaiz, ez da izango publiko zabalago batera iristeko, benetan hori egitea sentitzen dudalako baizik.

Gorroto dut gaur egungo artearen izaera komertziala. Nire esfortzu guztiaren helburua ez da inoiz izan dirua edo ospea lortzea; kontrakoa, nire helburua jendeari sentimendu bat sortzea izan da: dela nazka, dela barregura, dela negargura.

Youtubeko kanalaren izena KALUIXMOTXO da; zergatik?

Ingurukoen artean Luixito bezala naiz ezaguna, baina ez zitzaidan oso originala iruditzen Youtuberako izen bezala. Lehen esan bezala, nahiko parrandazalea izanik, eta “kalimotxo” hitzaren artean “Luix” nahiko ondo kamuflatzen zela ikusita, ezizen hori hartu nuen. Inork gutxik deitzen dit Kaluixmotxo. Ezizen artifiziala dela esan genezake, neronek sortua.

"Nik oso argi dut euskaraz sortuko dudala, batez ere, beste hizkuntza batean ez nintzatekeelako horrelako zerbait sortzeko gai izango"

Amaitzeko esaldi hau argitzerik? “IRTEN DA KALUIXMOTXO ALIAS DELMORDO LEIZEZULOTIK. ZUENTZAT BIHOTZEZ EGINA. GORA PERRETXIKOAK, ETA OXI...”

KAAAAARKARAAAKAARKARKAR! Istorio bat du atzetik. 15 urterekin, esketx modukoak igotzen nituen YouTubera (jada ez daude ikusgai). Garai horretan “Del Mordo Koronela” zuen izena kontuak. BI urteko aktibitate ezaren ondoren Kaluixmotxo “alias Del Mordo” leize-zulotik irteten dela esan nahi dut, besterik gabe. Garaia izango balitz bezala. Baina bene-benetan, ez da kaluixmotxo leize-zulotik irteten dena, ideia nire burutik gauzatzen dena.

Zerbait gehitu nahi baduzu, azken adierazpena egiteko aukera duzu...

Eskerrak eman elkarrizketa honetan parte hartzeko aukera emateagatik, eta egiten duzuen lan guztiagatik GAZTEZULO! Jarraitu horrela!

 

Talentua ez da existitzen, existitzen den gauza bakarra pasioa da. – Luix Mitxelena