Kalean da emakume eta drogen inguruko gida!

2016ko uda honetan Ai Laket!! elkarteak ‘Emakumeak eta droga erabilerak’ gida atera du Gasteizko Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzaz. Emakumeengatik eginiko emakumeentzako material honek Arrisku murrizketa neurriak biltzen ditu eta drogaren bat hartzea erabaki duen emakumeentzat erabilgarri izatea du helburu.

Euskal Herrian espreski emakumeei zuzendutako drogen arrisku murrizketari buruzko material baten beharra zegoen aspalditik, eskuragarria eta festarako praktikoa (irakurterraza eta soinean eramateko modukoa). Izan ere, sexuaren arabera aintzat hartu beharreko arrisku murrizketa neurri zehatzak hor badaude ere, festa guneetan behintzat ez da orain arte hauek biltzen dituzten halako materialik aurkitu, aisialdi testuinguru jakin batzuetan jaietan izan beharreko jarreren inguruko talde ezberdinen materialak, sexu-harreman seguruen inguruko edukiak edo drogen arrisku murrizketarako materialak banatzen diren arren.

Emakumeak eta droga erabilerak gida ahalik eta osoena izateko gaiak atal ezberdinetan banatuta aurkezten ditu, testuak komiki itxurako irudiez lagunduta eta besteak beste honakoa jorratzen da: drogen erabilera arduratsua, drogen erabilera femeninoa, norberaren ezagutzaren garrantzia, legalitatea, sexu-harreman seguruak, herriko jaiak, lonjak edo gazte-lokalak, sumisio kimikoa, gonbidapenak, hilekoa, psikofarmakoak, pilula antisorgailua eta hurrengo eguneko pilula, haurdunaldia eta edoskitzaroa, prostituzioa eta erasoen aurreko protokoloa.



Bestalde, material hau asmo honekin sortu da: emakume droga erabiltzaileak hartu beharreko arrisku neurri zehatzez informatzeko, emakume erabiltzaileen arriskuak gutxitzeko, emakumeak drogen erabileren arrisku kudeaketa egoki baterako ahalduntzeko, gizartea emakume erabiltzaileen kontsumoetaz, egoeretaz, rol eta estereotipoetaz, gaitzespenaz, sentipenetaz zein arriskuetaz informatzeko eta sentsibilizatzeko, eta batez ere, aisialdi giroan ere berdintasuna indartzeko.

Informazioa, euskaraz zein gaztelaniaz dago, modu argian eta objektiboan azalduta, eta batez ere, genero ikuspegitik egina (diseinua, irudiak, testua zein lengoaia zainduz, emakumeek eginiko materiala izanik eta ikuspegi intersekzionala erabiliz, hau da, festa giroko pertsonen arteko harreman edota egoera ezberdinei erreparatuta).

Beraz, gida hau emakume droga erabiltzaileei zuzentzen bada ere, edozein pertsonak irakurtzeko aproposa da, arrisku murrizketaren inguruko informazioa beti izaten delako ona, desinformazioa izanik droga erabileraren arriskurik handienetarikoa.


Non eskuratu edo kontsultatu gida?


· Paperezko edizioa: Ai Laket!! elkartean, Gasteizko Udaleko Berdintasun Sailan edota Gasteizko HIESAren Aurkako Batzordean.
· Edizio digitala: slideshare.net/Ailaket/emakumeak-eta-drogen-erabilpena-ailaket
· Gaiarekin lotutako bestelako material interesgarria: Mujeres y Drogas, Energy Control.