Kapitalismo arrosa
Gaurko aldarrikapen eguna apur bat zapuztu da Bilbon, izan ere, Bilbo Bizkaia Harro jaialdiko ekitaldiak bertan behera gelditu baitira. Arrazoia? Aldarrikapen festaren atzean interes merkantilistak salatu ditu Euskal Herriko TransMariBiBollo plataformak. Gauzak horrela, La Basu rap musikariak bertan behera utzi du eskaintzera zihoan kontzertua, eta larunbateko bertso saioa ere atzera bota dute.
Ez da LGTBI komunitarearen aldarrikapenekin negozioa egiten den lehen aldia; zoritxarrez, urtetik urtera maizago gertatzen den joera da. Kapitalismo arrosa izenez batailatu dute fenomenoa, baina zertan datza? Hain zuzen, merkatu kapitalistak sekulako harrobia aurkitu du komunitate honetako kideengan, bereziki gizon gai, zisgenero, zuri eta klase ertainekoengan.
Hala, komunitate gai horri bideratutako milaka produktu eta ekimen saltzen ditu kapitalismo arrosak, LGTBI mugimenduaren eskubideen aldeko borroka bezala mozorrotuta: horrela sortu da turismo homosexuala edota kontsumismo kulturala. Kapitalismo arrosak, gainera, heteroarauen antzeko kanonak zehazten ditu, aniztasun sexuala baztertuz; horren ordez, estetika zehatz bat gailentzen da, publizitateak legitimatutakoa.
QUEERBATING
Kapitalismo arrosarekin lotuta beste fenomeno bat sortu da: queerbating-a. Irudikatu honako egoera; zure telesail gogokoena ikusten ari zara, eta sexu bereko bi protagonistak geroz eta harreman indartsuagoa eraikitzen doazela ikusten duzu poz handiz; pentsatzen duzu, azkenik elkarrekin! Alda, azkenean maitasun heteroak topatzen dituzte, zure ilusio guztiak zapuztuz.
Halako adibide asko topatu daitezke egungo film eta telesailetan; gidoilari eta zuzendariek itxaropen faltsuak ematen dituzte, LGTBI publikoa erakartzeko helburuarekin; azpiko istorio homoerotiko baten zertzelada txikiak eskaintzen dituzte, baina azkenean heteronormatibitatearen arauak betetzen dituzte.
Queerbating egitea leporatu diete pop musikako artista handiei ere, hala nola, Ariadna Grande, Miley Cyrus edota Katy Perry. Artista horiei interes merkantilistekin beren bisexualtasuna iradoki izana leporatu diete, LGTBI publikoa erakartzeko; baina azkenean, ez dute beren sexualitateaz argi eta garbi hitz egiten, beste behin, heteroarauekin betez.