Kargak & Deskargak, festarik festa

Kargak & Deskargak, festarik festa Kaleko bertso eta musika ikuskizun ibiltaria egiten ari dira Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak, eta Josu Zabala eta Rafa Rueda musikariak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kargak-deskargak-festarik-festa/@@download/image/Kargak&Deskargak_2.jpeg
2017/08/07
albiste-laburra
Kaleko bertso eta musika ikuskizun ibiltaria egiten ari dira Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak, eta Josu Zabala eta Rafa Rueda musikariak
Kargak & Deskargak, festarik festa

Euskaldunek jai egiten duten bitartean, eurek “bertsoz eta musikaz beteriko kaxak ekarri eta eroatea” misio hartuta jaio zen Kargak & Deskargak proiektua. “Herritarren pozak, kezkak, erruak, nahiak, ezinak, grinak... han eta hemen kargatu eta deskargatu, hiri bateko eragileek bestekoei bidalitakoak banatu”, horretantxe dabiltza.

2017ko udan kaleko lau emanaldi egiteko elkartu da Igor Elortza, Unai Iturriaga, Josu Zabala eta Rafa Ruedak osatutako laukotea. Baionan estreinatu ostean, gaur –abuztuak 7– Gasteizen ariko dira GEU elkarteak, Arabako Bertsozale Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolatuta. 21:00etan hasiko dira Aihotz plazako txosnagunean, gero Gaztetxera egingo dute salto, eta handik Falerina lorategira.

Abuztuaren 8an Lizarran izango dira (12:30ean Koroatze Plazan), eta Bilboko Aste Nagusian ere badute zita (abuztuaren 22an, 19:30ean Santiago Plazan).

Kalean eta kaleko herritarrekin antolatutako emanaldi ibiltariok musika eta bertsoak konbinatzen dituzte. Hiri bakoitzean hiru geldialdi egingo dituzte plazarik plaza, urtean zein urteetan zehar jendea eta egunerokoak bizi diren guneetara jota, euskaldunon jaiez eta gaiez jarduteko. Eskaintza? “Bat-bateko bertsoak ohiko moldean zein musikak lagunduta, tokian tokirako bertso paperak, kantak eta suertatzen dena!”