Karla Sofia Gascon: aztarna digitalaren ondorio negatiboak
Karla Sofia Gascon azkenaldian oso ezagun bilakatu da Emilia Perez filmagatik eta han egindako lana dela-eta Oscarretara izendapena lortu duelako. Gainera, izendapena jaso duen lehen emakume transgeneroa da. Ospe horren aparretan dela, azken urteotan Gasconek X sare sozialean idatzitako argitalpen batzuk nabarmendu dira eta haien edukiak jende asko aztoratu du. Izan ere, zenbait arraza, kolektibo eta norbanako iraintzen edo erasotzen ditu adierazpen horietan, esaterako kataluniar independentistak, beltzak, musulmanak edota bere pelikulan agertzen den Selena Gomez aktore eta abeslaria. Hitlerrek juduez zuen pentsaera ere defendatu zuen txioetako batean.
CNN katean elkarrizketatu dute aktorea eta komunikatua ere zabaldu du. Bere aurkako kanpaina baten parte dela nabarmendu du aktoreak, eta "epaitu, zigortu, sakrifikatu eta harrikatu" egin dutela, bere burua "defendatzeko aukerarik eman gabe". "Bere hitzak testuingurutik atera eta manipulatu egin dituztela" adierazi du, berari "min emateko asmoz". Argitalpen horietako batzuk ez omen ditu gogoan. X sare sozialean zeukan kontua ere desaktibatu egin du, ingurukoek hala eskatuta, aurrez erabakia hartua zuela aipatu duen arren.
Ukatu egin du arrazista dela, baina barkamena eskatu du erabilitako moduengatik, inor irainduta sentitu bada ere. Beste gizaki batzuen zapalketa ez duela sekula babestuko adierazi du, ezta gerra, injustizia edo muturreko joerarik ere. Uneren batean gauzak hobeto azaltzeko aukera izatea espero duela esan du. Argi utzi du ez diola Oscar izendapenari uko egingo, batzuek eskatu duten bezala. Badira Gascon defendatu dutenak ere, argitalpenak zaharrak direla eta jendea aldatu egiten dela argudiatuz.
Auronplay, Kevin Hart eta beste hainbat kasu
Gasconena ez da, noski, halako zerbait gertatzen den lehen aldia. Espainiako Auronplay eta Biyin streamerrak ere jarri zituzten ezbaian duela pare bat urte, 2013an egindako adierazpen batzuengatik. Desagertutako ume baten amaren aurkako jazarpena leporatu zieten, sareetan idatzi zituzten adierazpen batzuk tarteko. Auronplay-ren txio arrazista eta homofoboak ere azaleratu zituzten, baita nazismoaren apologia egiten zutenak ere. Barkamena eskatu zuten biek, eta lotsatuta zeudela adierazi zuten. Aldi berean, biek nabarmendu zuten garai hartako jarrerak baztertu zituztela.
Kevin Hart umoregileak ere izan zuen antzeko bizipenik. Oscar Sarietako aurkezle izateko aukeratu zuten 2018an eta sari ekitaldia baino aste batzuk lehenago, komentario homofoboak zituzten Hart-en txio zaharrak agertu ziren. Barkamena eskatu bazuen ere, uko egin zion aurkezle lanari eta eragina izan zuen bere ospean.
Roseanne Bar aktore eta umoregileak 2018an publikatutako txio arrazistak ere izan zituen ondorioak. Erantzun asko jaso zituen eta ABC kateak bere telesaila bertan behera utzi zuen.
Argi geratzen da, beraz, aztarna digitalak duen garrantzia eta izan ditzakeen ondorio kaltegarriak. Kontuan izan, beraz, aurrez aurrekoan bezala, Interneten eta sare sozialetan ere arduraz eta errespetuz jokatu behar dugula.