KATALIN ANTXIA: “Irabazteko ezer badugu, bezeroekiko kontaktu zuzena da”
Zergatik abiatu zenuen The Modubat bezalako ‘slow’ egitasmo bat?
Beharrizanez izan zen –barrez–. Moda diseinu munduan muturra sartzen duzunean, adoptatuko zaituen mezenas bat ez baduzu behintzat, aurrekontu oso txikiekin mugitzen zara. Ni neu neure poltsikotik hasi nintzen oihalak erosten. Orduan, argi izan nuen materialek gutxienez hurrengo hamar urteetarako balio behar zutela. Iraunkortasunaren txipa halabeharrez aktibatu nuen hasieratik, eta halaxe eboluzionatu du proiektuak.
Zein motatako erabakitan gauzatzen da txip hori?
Ehun naturalak erabiltzen ditut nagusiki: kotoia, lihoa, kalamua, artilea, zeta... Nahiz eta aitortu behar dudan hau ere halabeharrez izan zela, oihal sintetikoek alergia eragiten didatelako –barrez–. Garbiketa askori eusten dioten materialak dira, eta denboraren iragana hobeto jasaten duten koloreak ere aukeratzen ditut: urdina, zuria, grisa... Bestalde, lerro sinple eta soilak jarraituz mozten ditut patroiak, halako arropa gustatzen zaidalako, eta oinarrizkoek ez dutelako inoiz aspertzen. Prototipoak prest ditudanean lagunen artean banatzen ditut, erabil ditzaten, eta gero iritzia eskatzen diet: non behar duten lasaiera gehiago, nondik jaso, non jarri botoiak... eta abar. Azken emaitza behar bezain pentsatua, neurtua eta probatua izan dadin gustatzen zait.
Prozesuari dagokionez, zein da zure markaren balio erantsia?
Orain arte ekoiztu ditudan bildumetatik hiru nik neuk josi ditut goitik behera, ez zirelako oso handiak. Gainerakoak Elx-eko (Alacant) jostun tailer batera bidaltzen ditut. Espetxetik irten berri izanik bazterkerian erortzeko arrisku handia duten emakumeak aritzen dira han, lan merkatuan berriz sartzeko bidea zabaltzen diete nolabait. Kutsu soziala duten ekimenekin saretzen saiatzen naiz. Proiektu txikia da hau, txiki izaten jarraitu nahi dutena gainera, baina ni neu honetatik bizitzeko ez ezik, beste batzuei lana emateko ahalegina ere egiten dut. Askoz aberatsagoa iruditzen zait komunitatea proiektu txiki eta anitzez betetzea, handi gutxi batzuek dena fagotizatzea baino.
Hala ere, zaila edo ia ezinezkoa izango zaizu zure idealekin %100ean koherente izatea, ezta?
Ba bai, guk aldarrikatzen ditugun ideiak ez direlako iritsi, adibidez, azokak edo moda asteak antolatzen dituztenen moduetara. Slow fashiona egiten duen diseinatzaile batek ez luke presioa sentitu behar urtean bi, lau edo hamar bilduma egiteko, baina pasarela edo showroom jakin batzuetara heldu nahi badugu, euren erritmora egokitu beste aukerarik ez dugu izaten, gure printzipioak alboratuz. Bestalde, materialen erabilerari dagokionez, zintzoena litzateke kotoi edota liho ekologikoa aukeratzea adibidez, pestiziden erabilera arbuiatuta. Baina, badakizu zer gertatzen den? ‘Eko’ joera hau bogan dagoela moda industriaren baitan ere, eta marka handiek bere egin nahi dutela. Horretarako, ziurtagiriak eta halakoak sortu dituzte, oso garestiak, soilik eurek eskura ditzaketenak; txikiok material konbentzionaletara kondenatu gaituzte, ez dugu dirurik ziurtagiriek monopolizatutako material merkatu horretan erosteko. Hortaz, bai, praktikan zaila da gure ideiei eustea.
"Aktore eta musikari askok desengainatzen naute. Kristoren diskurtso kritikoak botatzen dituzte, baina gero sare sozialetan Inditex promozionatzen ibiltzen dira".
Nahiz eta bistako balio erantsia eskaini, nola bilakatu lehiakor industria ahalguztidunaren alboan? Kontzientziazio lana? Borroka hori ere oso ‘slow’ da... ala?
Bai... –barrez– Tira, eguneroko lana mantsoa da, oso zaila. Atsekabe uneak ere edukitzen ditut, ez pentsa. Esate baterako, aktore eta musikari askok desengainatzen naute. Hedabideetan edo sari banaketetan entzuten ditut kristoren diskurtso kritikoak botatzen, baina gero sare sozialetan Inditex promozionatzen ibiltzen dira; esan nahi dut modari dagokionez duten jarduteko era ez dela koherentea beste esparru batzuetan zabaltzen dituzten ideiekin, euren burua saltzen dutela publizitate kontratuen truke. Gero nirea bezalako proposamenei ezetz esaten diete. Pena da, publiko zabalak celebrity hauek imitatzen dituelako eta, nolabait, hiperkontsumismoa sustatzen ari direlako. Baina ez naiz tematzen den horietakoa eta, gainera, uste dut promozio bideetan ere alternatiboak izan behar dugula, famatuen bitartezko hori nahiko beteta dagoelako jada.
Zein da, hortaz, beste bidea?
Gardentasuna. Sare sozialen bitartez aurpegia ematea, gure historiak kontatzea, ekoizpen-prozesu osoa erakustea, jendeak ikus dezan zer nolako lana dagoen azken emaitzaren atzean eta uler dezan zergatik egiten dugun eredu honen aldeko apustua. Jendearekin konektatzea, azken batean. Orain arte batez ere Menorcan, Madrilen, Suedian eta Aretxabaletako showroomean saldu izan ditut nire sorkuntzak, baina konturatu naiz Internet bitartez ere hasi behar dudala bezeroekiko harreman zuzena lantzen. Niri behintzat gustatuko litzaidake gogoko dudan zerbait erostekotan naizela, diseinatzailearekin hitz egin ahal izatea eta iritziak elkar trukatzea. Irabazteko ezer badugu, bezeroekiko kontaktu zuzena da.
"Konturatzen naiz zer nolako balioa duen gure begiekin ikusteak norengana heltzen den gure dirua".
Eta bezeroa prest al dago dirua ez ezik denbora inbertitzeko?
Baietz uste dut, aldaketa badatorrela, nahiz eta poliki-poliki izan. Bizitza-estilo osasuntsu eta arduratsuago baten eskutik datoz jarrera aldaketa hauek ere. Denok eboluzionatzen dugu. Gogoan dut 18 urterekin neuk ere Zaran kontsumitzen nuela, eta baita supermerkatu handietan ere. Orain, ordea, hemen, Poitiersen, sukalderako erosketak bertako ekoizleen merkatuan egiten ditut adibidez. Ogia, gazta, barazkiak... Konturatzen naiz zer nolako balioa duen gure begiekin ikusteak norengana heltzen den gure dirua. Zein girotan edo ze jenderen artean mugitzen garen ere erabakigarria da. Guk lagunartean askotan komentatzen ditugu kontu hauek eta, ostiral arratsaldero zerbait hartzeko geratzen garenean, artisau garagardoa edo ardo ekologikoa eskaintzen duten lokalak aukeratzen ditugu, ekintzailetza hori saritzen dugu. Starbucksera joango bagina adibidez, nire teilatuari harrika ari naizela sentituko nuke.