Kepa Junkerak gaur jasoko du 2020ko Adarra Saria
Gaur emango dio Donostiako Eneko Goia alkateak Kepa Junkera musikariari (Bilbo, 1965), osasun arrazoiak zirela medio, 2020an banatu gabe geratutako Adarra Saria. Sari banaketa Victoria Eugenia Antzokian izango da, 19:30ean, 70. Donostia Zinemaldiaren EITB Galaren baitan, Fermin Aiok musikariaren inguruan zuzendutako Berpiztu dokumentalaren proiekzioaren aurretik.
Honako argudioak eman zituen Aholku Batzordeak 2020an Junkeraren sariaren berri ematerakoan: euskal musikari egindako ekarpen handia; zuzeneko askotariko emanaldiak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin; erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena; nazioartean duen proiekzioa eta euskal musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; bere ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana.
Marijose Recalde artista nafarrak sortutako eskultura jasoko du Junkerak. Adar bat duen brontzezko irudia da, musikaren jatorria irudikatzen duena. Musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena ere nabarmetzen ditu koloretako patinak.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko urtero. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute saria.