KLASIKOAK ASTINDUZ: Baina… zer demontre da musika klasikoa?

Ongi etorri 'Klasikoak Astinduz' gomendioen txoko berri honetara! Musika klasikoaren munduan murgiltzera ausartuko zara? Nork daki, beharbada mundu berri bat deskubrituko duzu... Prest? Itzali mugikorrak eta utzi karameluak poltsikoan, kontzertua hastera doa eta!

Zelako galdera, ezta? Zertara datoz orain GAZTEZULOko kazetariak halako kontzeptu konplexua argitzeko asmoekin? Galdera horri erantzuten hasi aurretik, argi utzi nahiko nuke jarraian idatzitako lerroak musikazale eta noizbehinkako abeslari amateur baten ikuspuntutik ateratakoak direla, eta beraz, esperientzia pertsonalaz baliatu naizela ahalik eta erantzun egokiena bilatzeko, eta bidebatez, interesa duzuenoi musika klasikoaren mundua apur bat hurbiltzeko, nik gozatzen dudan bezainbeste gozatu dezazuen.

Musika klasikoarekiko pasioa transmititzea baina ez da batere erraza; geroz eta gutxiago dira kontzertuetara datozenak, eta publikoaren adinak gupidarik gabe egiten du gora; badirudi klasikotzat daukagun musika horrek dagoeneko ez duela jendearekin konektatzen; ala bai?

Musika klasikoa aipatzen dugunean ulertu behar dugu kontzeptua literatura klasikoa, arte klasikoa ala bestelako diziplina klasikoa bezain zabala eta orokorra dela. Beste modu batean esanda; garai, estilo, doinu eta egile zopa erraldoi bati erreferentzia egiten diogula. Normalean hauxe esan ohi da musika klasikoaz; zaila, nekeza, aspergarria eta elitista dela. Horietako kritika batzuk erabat ulergarriak dira, eta aurreiritzi horiek birrintzeko, aurretik musika klasikoaren definizioa astindu nahiko nuke. Izan ere, zertaz ari gara musika klasikoa diogunean?

 


'Mozart meets trap!' honi "musika klasikoa" deituko zeinokete?

 

Ez da batere erraza klasiko bezala ulertzen dugun musika guzti hori definintzen; Wikipediak berak sekulako kaka-nahastea kontatzen digu. Niretzat, Leonard Bernstein zuzendari estatubatuar bikainak topatu zuen musika klasikoaren benetako definizioa, eta segituan ulertuko duzue zergatik.

Bernstein (badakizue, West Side Story musikalaren egilea, 'I like to be in America…') biziki saiatu zen musika klasikoa gaurkotzen eta elitismotik aldentzen. Pasio handiz maite zituen konpositore handien obrak, eta beretzat garaikidetasun handiko doinuak izaten jarraitzen zuten; DOINU UNIBERTSALAK. Zuzendariaren ustetan, ‘musika klasikoa’-ren kontzeptua guztiz okerra zen, eta beste definizio baten beharra aldarrikatzen zuen.

Gazteei zuzendutako kontzertu didaktiko batean honela berdefinitu zuen musika klasikoa: “Denek uste dute badakitela zer den musika klasikoa; ondo dakite ez dela jazz-a, ezta kantu herrikoi bat ala modako azken taldearen abesti berria. Baina zeri deitzen diogu zehazki ‘klasikoa’? Batzuek beste hitz batzuk erabiltzen dituzte: musika ‘ona’, ‘serioa’, ‘elitekoa’, ‘sinfonikoa’… baina definizio guzti horiek oker daude. Beharbada, klasiko bezala ulertzen dugun musikak badu batasuna eskaintzen dion ezaugarri bat: konposatzaileak musika oso zehatza sortzen duela. Adibidez, Beethovenen obra baten partituran instrukzio oso zehatzak topatuko ditugu; nota guztiak, erritmo aldaketen zehaztasun txikienak, erabili behar diren instrumentu mota eta kopurua, ahotsak… den-dena definituta dago. Noski, musikaren interprete zein zuzendariak gizakiak diren aldetik, sekula ez dute konposatzaileak nahiko lukeen zehaztasunarekin joko, eta horregatik diogu musika interpretatu egiten dela; ez dago kontzertu perfekturik, eta horixe da hain zuzen zuzendarion erronkarik politena. Baina obra bere osotasunean idatzita dago; ezin da aldatu, betierekoa eta zehatza da, soilik konposatzaileak nahi izan zuen moduan jo daiteke”.

Esango duzue, “Ez da egia! klasiko handiak mila modutara interpretatu da, instrumentu ezberdinekin, erritmo ezberdinekin, letra ezberdinekin…” Eta bai, arrazoia duzue. Begira bestela jarrian duzuen Beethovenen 5. sinfonia-ren berrinterpretazio honi (ziur hamaika film eta telesailetan entzun duzuela…):

Kontua da ‘klasikoa’ hitzak beste zerbaiti egiten diola erreferentzia; klasizimoaren garaira, hain zuzen. Ez goaz orain historiaren errepaso aspergarri bat egitera, baina soilik gogoratu (selektibitatean ziur galdetu zizutela!) garai horretan, diziplina artistiko guztietan greziar klasikoen bikaintasuna bilatzen zutela, eta noski, joera bera izan zuten musikariek. Hala, Händel eta Bach garaiko konposatzaile esanguratsuenek musikarik bikain eta perfektuena sortzeko helburuz konposatu zuten bere musika.

Baaale bikaina eta perfektua izango da, baina... aspergarria! Ez zarete hala pentsatu izan duten bakarrak. Haien ondoren etorri zirenek ere Bach-en musika “aspergarria eta zaharra” zela uste zuten (atera kontuak!); horrela etorri ziren Haydn eta Mozart, musika klasikoaren errebelde bihurriak. Haiek konposatutako musikak ere arau guztiak betetzen zituen, baina ez zen horren aspergarria; konposizioak sinplifikatu zituzten doinuei garrantzia emanez, eta garrantzitsuena, musika ondo pasatzeko helbururarekin idatzi zuten. Has zedila festa!

Ea, ea... Mozart errebeldea eta bihurria zela esan ez ote dut ba? Benetan? 

Mozart-en inguruan lerroak eta lerroak idatzi daitezke (eta idatzi dira), baina ez ahaztu haur esplotazioaren adibiderik famatuena izan zela. Gurasoek ez zuten bake santuan uzten, eta bere heriotzak oraindik misterioa izaten jarraitzen duen arren, tipoak 626 obra konposatu zituen 35 urterekin hil zen arte, tartean, amaitzera iritsi ez zen bere heriotzarako propio idatzitako Hileta Meza ala Requiem-a. Eta zuk, zer egin duzu orain arte bizitzan?

Baina bai, Mozartek bazuen errebeldiarako eta brometarako joera, gai hau hurrengoan sakonako landuko dugun arren, izugarri gozatzen zuen txiste eskatologikoekin. Ez didazue sinetsi nahi? Bada entzun bere Leck mich im arsch pieza bikaina! Alemanieraz ez dakizuenontzat: "Miazkatu iezadazu uzkia". Halakorik ziur ez zenutela espero!

Baina bueno, lehen atal honetako gaira bueltatuz; zer demontre da orduan musika klasikoa? Bernsteinek zioen moduan, zehaztasun guztiekin idatzitako musikari egiten ote dio erreferentzia? Argi dagoena da terminoak ez duela ez garai bat, ez estilo bat ezta konposatzaile mota bat adierazten. Eta zuei, definizio zehatzago bat okurritzen zaizue?