KLASIKOAK ASTINDUZ: NON DAUDE EMAKUMEAK?
Ongi etorri 'Klasikoak Astinduz' gomendioen txokora! Musika klasikoaren munduan murgiltzera ausartuko zara? Nork daki, beharbada mundu berri bat deskubrituko duzu... Prest? Itzali mugikorrak eta utzi karameluak poltsikoan, kontzertua hastera doa eta!
Aurreko hilabetean hasi ginen musika klasikoari eskainitako txoko honekin; hasiera moduan, musika klasikoaren kontzeptua definitzen saiatu ginen, ondorio honetara iritsiz; terminoak ez duela ez garai bat, ez estilo bat ezta konposatzaile mota bat adierazteko balio, baina guztia lotzen duen elementu bat definituko bagenu, zehaztasun guztiekin idatzitako musika sartuko genuke musika klasikoaren zakuan.
Aurreko sarreran musika klasikoari egindako kritikak gainetik aipatu genituen ere; zaila, nekeza, aspergarria eta elitista dela esan ohi da. Baina zergatik? Nire ustez, bada elementu bat musika klasikoa urruna eta zaharkitua bilakatzen duena; emakumeen presentzia ia anekdotikoa.
Zenbatu emakume musikariak Urte Berriko kontzertuan!
Pentsatu une batez; inoiz ikusi duzue emakume bat orkestra baten aurrean zuzendari lanetan? Zenbat concertino (orkestretako lehen biolin jotzailea) dira emakumeak? Zenbat emakume konposatzaileren obrak entzun dituzue? Emakumeek idatzitako operarik ezagutu duzue inoiz?
Diziplina artistiko ia guztietan gertatu bezala, musikaren historian emakumeek ez dute beren aztarna gizonen pare uzteko aukerarik izan. Eta bai, musika klasikoak ere sekulako oinarri patriarkala du erroturik; emakumeak izan ziren eta dira musika klasikoan, baina ez zaie zegokien/dagokien lekua eskaini.
Chopin, Schumann, Mendelssohn ala Mozart bakarrak existitu zirela uste duzu? Bada ez; Marianna Ludwika Chopin, Clara Schumann, Fanny Mendelssohn eta Nannerl Mozart musikarien arrebak (Schumannen kasuan emaztea) musikari eta konposatzaile bikainak izan ziren ere. Fanny Mendelssohnen kasuan adibidez, nabarmena da bere sexuak zenbat ate itxi zizkion muturren aurrean. Garaiko gizarteak, mutilen aldeko joeraren ondorioz, Mendelssohn Bartholdy familian zerikusi handia izan zuen: bere anaia Felix bere dohain musikalarekiko lagundu, hezi eta babestu zuten bitartean, Fannyrekin , "emakume izateagatik", ez zen horrelakorik gertatu. Fannyren patua etxekoandre ona izatea zen. 1829. urtean Wilhelm Hensel margolariarekin ezkondu zen. Zorionez, Fannyren senarrak beti babestu zuen bere emaztea eta musikarako zuen talentua, eta konposatzen jarraitzera animatu zuen. Fanny Felix baina piano-jole hobea izan zen, eta 466 pieza musikal konposatu zituen.
Fanny Mendelsshohnen 'Das Jahr' obra bikainak urteko hilabete bakoitzari pieza bat eskaintzen dio; hona irailekoa.
OPERAK: MATXISMOZ BETETAKO ISTORIOAK
Opera ezagunenek kontatzen dituzten istorioetan gauza bitxi bat gertatzen da emakumeekin. Alde batetik, sekulako emakume protagonistak ditugu, gehienetan sopranoen ahotsarekin interpretatutak, protagonistak, nortasunez beteriko emakume indartsu eta enpoderatuak; eta bestetik, indarkeria matxista, gaixotasun fisiko eta mentalak eta ezbeharrik tragikoenak jasaten dituzte, gehien-gehienetan heriotza lazgarrietan amaitzen dutenak. Pucciniren Madam Butterfly maitalearen traizioa jasaten duen emakume indartsu baten istorioa kontatzen du; bere semea traizioa egin zion horri entregatzera beharturik, ordea, bere buruaz beste egiten du. Bizeten Carmen operan, sekulako emakume enpoderatuarekin egiten dugu topo; librea eta adimentsua, ez du gizonen beldurrik... bere maitale ohiak erahiltzen duen arte. Verdiren Traviatan Violettak gizon guztiak menpean hartzen ditu, baina tuberkulosiak jota hiltzen da (gogoratzen Moulin Rouge filma? opera honetan oinarrituta dago), eta horrela abar luze bat...
'Carmen' operako aria ezagunenak emakume protagonista aurkezten du, indartsua, boteretsua eta independentea.
Istorioez mintzatu gara, baina zer esan istorio horietako egileen inguruan? Opera errepresentatuenen egile guzti-guztiak gizonak dira. Adibidez, Operabase plataforman badute urtean gehien eskainitako operen ranking-a; bada iazko denboraldiko ranking-ean lehen emakume konposatzailea 108. zenbakian topatzen da, Naske, eta soilik produkzio batek eskaini zuen bere obra (denbora tarte berean, Verdiren operekin 839 produkzio egin ziren). Ranking-aren arabera, operak idatzi dituzten emakume interpretatuenak Naske (108. postua), Saariaho (174. postua) eta Schiphorst (191. postua) dira. Denak garaikideak dira eta bizirik daude.
EMAKUME KONPOSATZAILEAK, ARTEA DEBEKUEN GAINETIK
Historiak emakume musikariak zokoratu baditu ere, badira beren jardunaren erregistroak. Horrela, Maddalena Casulanaren lana ezagutzeko aukera izan dugu; 1586an jaioa, musika konposatzen lehen emakumea izan zen, eta honako esaldia utzi zuen idatzirik: "Arterako eta adimenerako gaitasuna soilik gizonek dutela gezurtatu nahi dut".
Madalena Casulana musika konposatzen lehen emakumea.
Emakume batek idatzitako lehen opera aldiz 1625ean iritsi zen, Florentziako Medicien garaian, Francesca Cacciniren eskutik. Aurretik aipatu dugu ere Fanni Mendelssohn, musika konposatzaile bikaina. Harekin batera aipatu ditzakegu Hildegarda de Bingen, XI. mendeko abadesa, Marianna Martines, XVIIko musikari vienarra eta klabe jotzaile aparta, Maddalena Sirmen veneziarra, sekulako biolin jotzailea, Elizabeth Maconchy (1907-1994) Metropolitanen opera bat estreinatu zuen lehen emakumea...
Milaka dira musika sortu eta interpretatu duten emakumeak. Orduan, zergatik ez ditugu ezagutzen? Historia behin eta berriz errepikatu da haientzat; emazte eta etxekoandre lanetara behartu zituzten, haien lana gutxietxiz eta ahazturara kondenatuz. Konposizio batengatik kobratzea? Txoratuta al zaudete?
Ezagutzen ez ditugun arren, asko dira musika idatzi eta interpretatu duten emakumeak.
EMAKUME ZUZENDARIAK; BOTEREAREN ARRAKALA
Eta zer gertatzen da orkestretan? Zergatik oraindik ere arraroa egiten zaigu emakume bat zuzendari lanetan topatzea? Zuzendariak izateko borroka iluna eta indarkeriaz josia egon da emakumeentzat. Lehenik eta behin, ulertu behar dugu zuzendariaren postua botere postua dela, eta boterea gizonen pribilegioa izan da beti. Zuzendariak agindu egiten du, eta askotan orkestretako musikarien borondatea gainditu behar izaten du "bere interpretazioa" gauzatzeko.
Bada beste arrakala bat emakumeentzat; zuzendari gehienak botere postu horretara iristen dira aurretik instrumentu bat interpretatuta. Kontuan badugu emakumeak duela gutxi sartu direla orkestretan, bidea egiteko denbora gutxiago izan dute. Besteak beste, urte berriko kontzertua jotzen duen Vienako Orkestra Filarmonikoan emakumeek debekatuta zuten jotzea 1997. urtera arte!
Marin Alsop, orkestra baten lehen emakume zuzendaria.
19. mendean emakume gutxi batzuk puntualki orkestrak zuzentzera gonbidatu bazituzten ere, lehen orkestra zuzendariak gure mendean agertu dira. Aitzindaria Marin Alsop litzateke; 2007an Baltimore Symphony Orchestrako zuzendari izendatu zuten, eta sei urte geroago Proms-etako lehen emakume zuzendari bilakatu zen. Bere hitzak oso esanguratsuak dira: "Sinesgaitza egiten zait XXI. mendean oraindik ere lehen aldiak existitzea emakumeentzat". Bidea hasi besterik ez dute egin emakume zuzendariek, eta oraindik badira lan horretarako gai ez direla uste duten gizonak. Zorionez, izen hauek geroz eta ozenago entzuten dira orkestra sinfonikoetan: Mirga Grazinyte-Tyla, Susanna Mälkki, Xian Zhang... lehenengoak dira, baina haien ondotik gehiago etorriko dira ziur.