Klima aldaketaren aurkako ahotsa
Greta Thunberg aktibista suediarrak nazioarteko politikariak lotsagorritzea lortu du!
Iazko urteko hitza "mikroplastikoa" izan zen; aldaketa klimatikoa, kutsadura, beroketa globala eta antzeko kontzeptuak egunero topatzen ditugu albistegi zein sarean, baina, zerbait egiten ote dugu? Zerbait egiten ote dute gure politikariek? Denbora agortzen ari da, eta erabat amaitu aurretik, Greta Thunberg 16 urteko aktibista suediarrak mezu bat igorri dio munduari.
Nola da posible 16 urte neska batek nazioarteko politikariak lotsagorritzea lortu izana? Elkarrizketa ugaritan azaldu duenez, dena aldaketa klimatologikoaren inguruko dokumental bat ikustean gertatu zen. Klaseko gainontzeko lagunek segituan ahaztu zuten bertan ikusitakoa, baina Thunbergek ezin izan zuen. Amesgaiztoekin hasi zen; pixkanaka, depresioan sartu zen.
Egoerari aurre egiteko, ekintza txikiekin hasi zen; begano bihurtu zen, eta gurasoak ere konbentzitu zituen. Ondoren, hegazkinak hartzeari uko egin zion familia guztiak; azken hau erabaki zaila izan zen bere amarentzat, opera abeslari ezaguna baita. Aldaketa horien harira, gurasoek liburu bat argitaratu zuten, alabaren aktibismoak eragindako bizitza aldaketa deskribatuz. Aldi berean, Thunbergek klasera joateari utzi dio kaleko protestekin hasteko; helburua? Emisioen aurkako legea gogortzea. Pixkanaka, ehunka jarraitzaileren babesa lortu du.
ETA ZUK, ZER EGITEN DUZU ALDAKETA KLIMATIKOAREN AURKA?
Noren ardura da aldaketa klimatikoa gelditzea? Gutako bakoitzak hartzen dituen erabakiek ba ote dute eraginik? Bai eta ez. Garrantzia du bakoitzak egiten dituen hautuak; birziklatzea, gutxiago kontsumitzea, haragi kopuruak murriztea, lokala kontsumitzea, hegazkina ordez trena aukeratzea, plastikoa erabiltzeari uztea... halako ekintzek uste duguna baino inpaktu handiagoa dute, merkatuaren joerak aldatzeko boterea dutelako. Dena den, horrek ez du balioko politikariek eta industriak ez badituzte neurri zorrotzak hartzen. Oraindik eszeptikoen taldekoa bazara, adi 16 urteko aktibista honek dioenari!