Komikizalea bazara, hemen duzu astebururako plana: Hernanikomik
Hernaniko Atsegindegian kokatuko dute ostiralean eta larunbatean egingo den komiki azoka. Hernanikomik-en hirugarren edizio honetan ere euskarazko komikigintzari eskainiko diote tokia eta ekintza ugari antolatu dituzte. Tartean, hamar komiki aurkeztuko dituzte, horietatik sei nobedadeak.
Argitaletxe eta denda hauen postuak egongo dira azokan: Argia; Elkar; Gaueko komiki denda; Harriet; Herrima; Ikastolen Elkartea-Xabiroi eta Nabarralde. Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da bi egunetan. Honez gain, azoka eremuan Space Opera euskal komikietan erakusketa ikusteko aukera izango da.
Euskarazko komikigintzaren alde egindako lana saritzeko Joseph Camino saria ere banatuko dute. Aurten, Asisko Urmeneta komikigile nafarrak jasoko du, larunbat eguerdian. Sari honekin lotuta, ostiraletik hilaren 29ra, Urmenetaren ibilbide profesionalaren lanen erakusketa izango da Biteri Kultur Etxean.
Ostiralean Komiki Lehiaketaren sari banaketa egingo dute eta liburu aurkezpenak egingo dituzte egileekin. Han izango dira Eneko Lizardi, Aritz Ibarra, Bernardo Atxaga eta Mikel Begoña.
Larunbatean, zuzenean marraztuko dute Asisko Urmenetak eta Marrakatuek, 12:30etik aurrera. Yurre Ugarte, Julen Ribas, Gorka Bereziartua, Iban Zaldua, eta Tupust kolektiboko Maite Caballero Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia eta Ainara Azpiazu Axpi izango dira, besteak beste, euren lanak aurkezten.