Kontsumo-gizartearen eta neoliberalismoaren indarkeriaren inguruko 'Love & Money' antzezlana estreinatuko dute gaur Bilboko Arriaga antzokian
Pabellon 6ko Antzerki Laborategiak euskara hutsean egindako lehen ekoizpena estreinatuko da gaur Bilboko Arriaga antzokian. Dennis Kelly londrestarrak sortutako Love & Money obra "alderantziz kontatutako fabula garaikide iluna da, funtsezko galdera hau planteatzen duena: zer gertatzen da maitasunarekin diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean?". Zorpetutako bikote baten infernuetara jaitsi eta kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruz hausnartzera gonbidatuko du ikuslea, eta baita geure nahiez ere.
Alde batetik, David dago, maitemintzen ari dena. Arrazoi profesionalengatik frantses batekin duen e-mailen elkartrukatzeak maitasunean sinestaraziko dio berriro. Baina Davidek sekretu bat dauka. Sekretu hori jasanezina da, eta emaztearen heriotzaren benetako inguruabarrei buruzko aitorpen txundigarri batera eramango du. Beste aldetik, Jess agertuko da, hau ere maiteminduta.
Zoriontasuna erosi daitekeela uste du, baina ez da merkea kredituak eta zorrak erraz pilatzen diren mundu honetan.
Cécile Marquettek zuzendu du obra, Olatz Ganboa laguntzaile duela, eta Idoia Barrondok egin du euskarazko bertsioa. Aktore lanetan, berriz, Ugaitz Alegria, Aitor Echarte Merino, Eneritz Garcia Alonso, Miriam K. Martxante, eta Aiora Sedano arituko dira.
Emanaldia zazpi eta erdietan izango da, eta sarrerak hemen eros daitezke. Estreinaldiaren ondoren, hainbat emanaldi egingo dituzte Zorrotzaurreko aretoan, azaroaren 4an hasi eta 20ra bitartean. Ordurako sarrerak hemen erreserba daitezke.