Korrikaren eta euskararen inguruko 'Jalgi hadi' dokumentala lagundu nahi al duzu?

Korrika barrutik bizi eta euskararen egoeraren eta erronken inguruan hausnartuko dute dokumentalean.

Ander Iriartek zuzendutako Jalgi Hadi! dokumentala gauzatzeko crowdfunding edo diru-bilketa kanpaina sortu dute AEK-Korrikak eta Mirokutana ekoiztetxeak.

"Ez dago inon idatzita, baina euskaltzale guztiok egin dugu irakurketa bera. Euskara bidegurutzean aurkitzen da berriz eta euskaltzaleok berpizkunde berri bat abiatu behar dugu gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan. Horretarako, eragile guztien arteko eztabaida irekia behar dugu, elkarri entzun, eta batu. Eta ez da ezer metatzaileagorik Euskal Herrian Korrika baino", azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek.

Euskarak hainbat erronka dituela nabarmendu dute: oldarraldi judiziala, erabileraren jaitsiera, batua ala euskalkia, euskañola, migrazioaren afera, arnasguneak, sare sozialak, adimen artifiziala, euskalgintza ekosistema, administrazio ezberdinak… Gai horiez guztiez hitz egiteko gunea sortu nahi da, "denen artean eztabaidatu eta hirugarren berpizkunde bat eragiteko".

Bihotza eta burua uztartuta
Bihotza eta burua batuko dituzte dokumentalean. Alde batetik. Korrika barrutik ezagutzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Euskararen aldeko lasterketa erraldoian lanean aritzen den taldea jarraitu eta bidean sortzen diren kezka eta arazoei elkarrekin aurre egitea izango da asmoa, Korrikaren emozioa bizitzeko.

Beste aldetik, soziologo, antrolopologo, hizkuntzalari, kulturgile, politiko eta beste hamaika euskaltzaleren topagune bihurtuko dute filma. Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo dute.

Euskara maite dutenen ekarpena
Proiektuaren sortzaileek azpimarratu dutenez, filma "euskal komunitateari, euskara bizi(rik) ikustea nahi duen orori zuzendua dago. Ez soilik euskal hiztunei, euskara maite duen orori baizik".

Hori dela eta, dokumentala aurrera ateratzeko beharrezkoa izango den dirua biltzeko kanpainan parte hartzeko eskaera egin diete euskara bizirik mantendu nahi duten guztiei. Kopuru ezberdinetako diru-ekarpenak egin daitezke hemen, apirilaren 25era bitarte. 7.600 euro inguru bildu dituzte oraingoz, eta 88.000 euro lortzea izango litzateke helburu gorena.