[Gorka Urbizuren kontzertuaren kronika bat]: Koordenadak, trenak eta janelak

[Gorka Urbizuren kontzertuaren kronika bat]: Koordenadak, trenak eta janelak Gorka Urbizuren urteko azken kontzertuaren kronika bat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-bat-koordenadak-trenak-eta-janelak/@@download/image/1ee06e70-b138-46ba-a30b-93aa6116ebed.jpg
2024/12/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Gorka Urbizuren urteko azken kontzertuaren kronika bat.
[Gorka Urbizuren kontzertuaren kronika bat]: Koordenadak, trenak eta janelak

Kulturzaleok garenoi bizipoza ematen digu kutun ditugun sortzaileen lanez gozatzeak eta hurrengoaren zain egoten gara beti: Maialen Lujanbioren hurrengo bertso antologikoa, Karmele Jaioren hurrengo liburua, Artedrama eta Axut! kolektiboaren hurrengo antzezlana… Ez ginen gutxi Gorka Urbizuren hurrengo proiektuaren zain geundenak, eta ezustean iritsi zen, urtarrilaren 15ean, lehen hilaren hirugarren astelehenean, Blue Monday edo urteko egunik goibelena omen den horretan. Kanpoan artean eguna zabaldu gabea zela hasi nintzen entzuten, eta Urbizuk argiz beteriko janela bat ekarri zuen gelaren iluntasunera.

Otsailaren 25ean ikusi nuen zuzenean Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean, biraren hirugarren kontzertuan. Mugikorrik eskuetan hartu gabe gozatu genuen emanaldiaz, gaur egun gero eta nekezagoa den hori egiten: zauden leku horretan gertatzen ari dena bizi, bestelako distrakziorik gabe. Han bizitako magiak errealitatearekin talka egin zuen geroxeago: egun hartako haizeteak zuhaitz bat bota eta kalteak eragin zituen trenbidean. Aurreikusitakoa baino hiru ordu geroago iritsi ginen etxera, baina merezi izan zuen.  

Tren batek eraman ninduen Gorka Urbizuren urteko azken kontzertura ere, Andoainera. Intxaurrondora eraman edo handik ekarri ninduen bera ote zen? Auskalo! Eserlekuan eseri eta eszenatokian bost alfonbra, instrumentuak, mikrofonoak eta anplifikadoreak. Soil eta goxo.

Gorkarekin batera aritzen diren musikari handiak agertu ziren lehenik: Amaia Miranda, Mariana Mott, Joan Pons eta Jordi Matas. Eurak hasi ziren diskoko lehen kantua jotzen, Maitasun bat, eta jarraian, Urbizu agertu zen, erreberentzia eginez.

Diskoko ordenari jarraituz, Teoria bat izan zen hurrena, eta letrari honako hau erantsi zion: “mundu aldrebes hau, eder eta triste hau”. Eta une horretan Iñigo Muguruza izan nuen gogoan, “bizitza triste eta ederra” kantatzen. Tren bat iritsi zen jarraian; “gehiengoak beste nonbaiten egon nahiko luke orain” entzun eta zera pentsatu nuen: “hemen gaudenak ez dut uste”. Izan ere, jotako hurrengo kantuarekin bat eginez, liluratuta geunden. Behetik gorako malda nabarmenean kokatutako eserlekuetan eserita geunden, eta hasieran publikoa hotz samar egon arren, pixkanaka berotzen joan zen giroa. Euskaldunak batzuetan ez gara oso adierazkorrak izaten, baina askatzen garenean sortzen den konexioa polita izaten da.

Leihotikan taldearen Etorkizuna ginenean abestian Amaia Miranda entzun ahal izan genuen koruetatik harago, eta gitarra jotzeko dohainez gain, nortasun handiko ahotsa du, akaso kantu honetan nabarmentzen dena. Kolore bat kantua entzuterako, ohartuta nengoen argi-jokoarekin, eszenatoki atzeko gortinak hartzen zituen koloreekin: berde, urdin, gori-gori (gori-horri-naranja gero etorriko zen Sute bat kantuan). Ez diot alor horri askorik erreparatu ohi normalean, baina begiradak hara eramaten ninduen tarteka, argi-teknikarien lanari erreparatu eta koloreek ere zer nolako giroa eta esanahia sortzen duten jabetuta.

Nostalgiari heldu eta Berri Txarrak-en Helduleku guztiak izan zen hurrena: “Grabitatea baino ez dago hor kanpoan, dena dago erortzeko zorian”. Baina gu babesean sentitzen ginen une hartan, areto hartan, konpainia onean. Latitude horietan entzun genuen segidan, eta nahiz eta aurrez ezagutu, ondorengo orduetan oihartzun handiena egin didana izan da, behin baino gehiagotan entzuten aritu naizena. Alde batetik, kantuaren edertasun eta atzeko gordintasunarengatik, eta, beste alde batetik, Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen liburua aspaldi irakurri arren, antzezlana ikustear nengoelako, gogotsu. Unibertsoak parez pare jartzen dizkizun etorkizuneko efemerideak.

Eta Janela bat. Zenbat leiho agertu ziren kantuetan, Leihotikan taldea bera ere presente. Urbizuk berak aipatu zuen UZEIk urteko hitzen artean aukeratu zuela, euskaldunon gehiengoa euskal hiztegietan begiratzen aritu ginen hitza. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak hiztegian sartzeko proposamena egin zuen lekunberriarrak; hemendik bihoakie eskaera xume hau.

Etxe bat izan zen setlist-eko hurrengo abestia, diskoa lehen aldiz entzun nuenean gehien eta bereziki harrapatu ninduena. Urbizuk berak partikularregia ote zen irudipena izan omen zuen, baina ez al dira horiek izaten unibertsalenak? Denboraren joana eta ingurukoak galtzearen beldurra islatu du, eta betiko bertan bizitzen geratzeko gogoa pizten du kantutzar honek.

Gorka Urbizuk bere ibilbidean izan dituen proiektuetako hiru kantu izan ziren gero: Berri Txarraken Maravillas zoragarria, publikoa ere kantuan; hainbeste maite dudan Katamaloren Betazalak erauztean, Gotzon Barandiaranek idatzia; eta bizipoza pizten didan Peiremansen Send flowers. Peiremansenaren aurretik, ordea, Herri Txiki izeneko sorpresa iritsi zen. Ez, ez ziren Miren Nogales eta Mikel Pagadi agertu, baina sekula entzun gabeko doinu eta hitzak izan ziren, eta berehala xuxurlatu genuen: kantu berri bat? Eta hemen ere leihoaren eta argiaren aipamena.

Katedral bat-en lehen akordeak aditu bezain laster animatu zen jendea. Feel good horietako bat da, ondo sentiarazten zaituen baikortasunerako himnoa: “bihotzen artean parkour egitean erori, baina beti zutik erori”. Hemen ere beirateak eta eguzki izpiak lagun.

Sute bat jo eta backstage-an ezkutatu ziren musikariak, baina gu lasai geunden, bagenekien-eta itzuliko zirela. Itoizen Hegal egiten entzun genuen oholtzaratu zirenean, eta Hasiera bat diskoaren lehen kantuan esaten den “ea posible den ametsa hitza aipatzen ez duen abesti bat” esaldiarekin parez pare jarrita, Itoizenean ametsak hegan dabiltza. Eta irribarre bihurria marraztu zitzaidan ezpainetan.

Urbizuk nahi gabe salto egindako Lisboa ere jo zuten bisetan. Kantu honetan hegalak aipatzen dira hain justu, eta gorantz-gorantz. Gu ere halaxe ginen ordurako, gorantz eta gorantz hegaka gindoazen hegaztiak. Toki bat kantuaren bertsio laburragoa etorri zen ondoren, eta diskoko azken kantuarekin itxi zuten kontzertua: Besterik ez. Eta une horretan pena sentitu nuen, pena amaitu zelako, pena Jordi Matas eta Joan Ponsen azken kontzertua zelako, pena musikarien arteko simbiosi hartaz gozatzen jarraitzerik izango ez genuelako, euren gozamenaz gozatu, Jordiren etengabeko irribarreaz... Eta poza, noski, gozatu/goxatu bat izan zelako.

Tren bat hartu eta etxera abiatu nintzen. Horixe da hain zuzen ere Gorka Urbizuren musikarekin gertatzen dena: tren batean sartu eta bidaian eramaten zaitu, mundura eta barrura begiratzeko janela bat irekitzen dizu. Trenetan gertatzen den bezala, kanpoan argi denean, hara begiratzeko leiho bat zabaltzen du, eta kanpoan ilun denean, aldiz, barrura begira jartzen zaitu halabeharrez. Gorka, eman koordenatuak eta han itxarongo zaitugu, gure minak arintzeko. Eta honekin lotuta, urtea bukatzeko eta hurrengoa hasteko, Gorkak kontzertu amaieran bota zuen mezua: "zaindu dezagun elkar".