Kukai dantza taldearen eta Euskadiko Gazte Orkestraren 'Eta orain zer?' ikuskizuna izango da egunotan Donostiako Tabakaleran
Kukai dantza taldeak Eta orain zer? ikuskizuna eskainiko du gaur eta bihar, 19:30ean Tabakalerako patioan, Errenteriako HAE Orkestra eta EGOko musikari batzuen parte-hartzearekin.
Honela azaldu dute obraren galderaren nondik norakoa: "Espazio huts batean, ezerezaren aurrean… askatasunaren, erabakitzeko aukeren, proposatzen dizkidaten muga eta aukeren artean… Hogei urteko ibilbide baten ostean, pandemia baten ondotik… Ikusle, dantzari, sortzaile, musikari, teknikari, kudeatzaile… garen horretatik…Eta orain zer? Nola ekingo diogu esperientzia honi? Nola beteko da hutsa? Nola jokatuko dut nik? Nola jokatuko dugu guk?Izango al da batzen gaituen sokarik?".
Hain zuzen ere, soka-dantza da dantzariak lotu ohi dituen dantza. "Soka dantza antzinako errituala da, unibertsala, herrialde eta gizatalde askotako kultura tradizionalean oso presente dagoena; bertakoa bezain unibertsala. Komunitate bereko kideen arteko gizarte kohesioa, errespetua eta elkar ulertzea sinbolizatzen ditu. Dantzaren bidez gizartea batzen du. Kide bakoitzaren berezitasuna errespetatuz eta onartuz, espazio komun bat osatuz eta partekatuz", azaldu dute.
Jon Maya koreografoak horren balioan sakontzea eta egungo gizartearen balioetan hura txertatzea proposatzen du. Zeharkakotasuna, kultura-aniztasuna eta espazioen demokratizazioa izango dira bidaia honetan erabiliko diren kontzeptuetako batzuk, bizikidetza eta adierazpen eta jatorri koreografikoen aniztasuna lagun.
Alain Maya, Aritz López, Junaid Jemal Sendi, Helena Wilhelmsson, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Leire Otamendi, Nerea Vesga, Sua Enparantza, eta Urko Mixelena izango dira oholtzan.
Ikuskizunaren bi emanaldietarako sarrerak hemen eros daitezke.