Kukai Dantzak World Press Photo-ko ‘Giza’ lana antzeztuko du Gasteizen
Kukai Dantzak Giza koreografia eskainiko du bihar, hilak 14, Gasteizko Montehermosoko Ur Depositu Zaharrean. Martin Harriague koreografoak eta Kukai Dantza taldeak sortu dute ikuskizuna, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena dela eta. Giza lana "elkarren ondoan, elkartasunetik abiatuta" sortutako bidea dela azaldu dute, "gizateriari egindako deia eta eskubide unibertsalen aldarrikapena". Maite Larburuk ere hartuko du parte, bere ahots eta musikarekin.
World Press Photo erakusketaren bueltan izango da ikuskizuna, eta bertan aldarrikatuko dira giza eskubideak. Izan ere, erakusketa horretan, mundu osoan zeharreko errealitate gordinen inguruko irudi ugari ikus daitezke.
Sarrera librea eta doakoa izango da. Ikuskizuna 18:00etan hasiko da, eta hamabost minutuko iraupena izango du. Amaitzean, World Press Photo erakusketarako sarrera irekiko da berriro. Erakusketa asteazkenera arte, hilaren 15era arte, izango da irekita.