LARRUA JOTZEA

Lagun batek dio larrua jotzeari balio handiegia ematen zaiola, eta ideia honetatik “Larrua jo” kontzeptuaren inguruko hausnarketa egiteko beharra sentitu dut.

Maiz koitotzat hartzen dugu. Koitoa zakila baginan sartzea da, besterik ez. Larrua jotzea koitoaren sinonimotzat hartzean, egoera batean zenbait baldintza alde ditugunean egindakoa izaten da. Horien artean, bi genital mota izan beharko ditugun baldintza. Harremanduriko pertsonek alua izanda, ez dute koitoa egingo, ezta bi zakil izanda ere, nahiz eta kasu hauetan zakila ipurtzuloan sartzen den askotan, zulo batean zein bestean itxaropen bera jarriz.
Koitoa, gehiegitan, gure barne desioen bultzadagatik baino, kanpoko alderdien eraginez egiten da. Ala koitoa egitean beti egiten dugu horretarako gogo biziz gaudelako? Zenbatetan egin duzue koitoa besteak hori nahi zuela uste zenutelako? Zenbatetan bero egoteak horretara bideratzen gaituela sinestuta gaudelako? Zenbatetan koitoak gozamen handiena emango digula barneratuta dugulako? Zenbatetan ez diogu garrantzirik ematen musu, laztan eta miazkatzeari, ez badira, behintzat, koitora eramango gaituzten pausuak? Atarikoak: partida jokatzeko zelaia prestatzea edo oporretako hotelera iristeko egin beharreko bidearen pare ikusten baditugu, jolas horiek guztiz baliogabetuak geratzen dira.
Larrua jotzearen esanahia aldatuz, gauza asko aldatuko liratekeela uste dut, eta gazte zareten heinean, desioez, plazerez eta gorputzez gozatzeko urte ugari dituzuenez aurretik, horiek hobeto bizitzeko nire hausnarketa zuekin partekatu nahi dut.
Egiten duguna sexualitatearen parte da, baina garena eta sentitzen duguna da muina. Egiten dugunak eta horretarako zergati eta ikuspuntuek, bizipenak aldatuko dituzte. Hona hemen larru-jotzea ulertzeko beste modu bat.

Zer da ‘Larrua jo’?
Gure genitalak, alua zein zakila, larruz estalirik daude, baina pertsona baten azalak bi metro ditu batez beste eta gorputz osotik zabaldua dago; hortaz, genital eta koitora mugatuz gero, azalera gehienaren plazer gaitasuna galtzen da. Larrua bere zabalera osoan aintzat hartzea da aldaketa nagusia.
‘Jo’ hitzak badu zentzu positiboa eta hori ondo dakigu musikariok. Musika, bakarka, bikoteka zein taldeka jo daiteke. Erritmo ezberdinez eta modu anitzetan egin badaiteke, anitzak dira larrua jotzeko aukerak ere, eta zakila baginan sartzea horietako bat besterik ez da izango. Bi metro azal; azalak, esku artean, edozein musika tresnak baino askoz aukera gehiago ematen dizkigu.
Zenbait baldintza alde izan beharko ditugu elkartze erotikoa eman ahal izateko. Jo nahi dugun doinua erraietatik atera beharko zaigu, doinua ez baitugu gustuko izango desioa ez bada oinarri izan. ‘Erotika’ hitza desioez ari da, eta horiek gure barnean piztuko dira. Norbaitekin elkartzea kanpo alderdiek eraginda ematen bada, elkartzea izango da, baina agian ez erotikoa. Behar eta presioak desioaren etsai nagusiak dira, desiatzen duguna baino, besteek gutaz espero dutena egingo dugulako, eta betebeharrek desioa itzali egiten dute.
Gure larruez elkarrekin gozatzeko grina dugulako sortuko litzateke elkartze erotikoa. Hortaz, larrua jotzea, larruak erabiliz elkarrekin gozatzea da, eta gozamenerako ezinbesteko baldintza desioa sentitzea da.
Hitzetan erraza den honek, hausnarketa pertsonala behar du. Zer desio mota dut, zein unetan, norekiko desioa sentitu dut, azaleko zein zatiz gozatzeko desioa dut, gorputz atal horretaz zein jolasen bidez gozatu nahi dut? Erantzunak gure barnean bilatu beharko ditugu, gure desioak unez une aldakorrak direlako eta gaur baliagarria, kitzikagarria eta asegarria zaiguna, agian bihar ez delako izango. Nik behintzat ez dut egunero eta momentu orotan musika bera entzuten edo abesten. Zuek?
Idatzi hau egiten dudan bitartean chill out-a entzuten ari naiz, kontzentrazioa eta lasaitasuna eskaintzen dizkidalako. Parrandan aldakak mugiarazten dituen musika dut gustuko, kotxea gidatzerakoan alaia eta kantagarria den zerbait nahiago izaten dut, eta harreman erotikoak ditudanean aipatutako chill out-az gain, Marilyn Manson, rock lasaia… unearen arabera. Triste nagoenean, animatzen nauen doinua nahi izaten dut batzuetan, eta besteetan, aldiz, negarra ateratzen laguntzen didana. Haserre nagoenean, lasaitzen nauena edo barruko amorrua atera eta kudeatzera bultzatzen nauena. Eta askotan isiltasuna nahi izaten dut, nire barneko doinuak argi entzun ahal izateko, gorputzak eskatzen duena, desiatzen duena, oztoporik gabe entzun eta horiei bide emateko.
Zergatik eskatzen diot orduan nire gorputzari doinu bera beti? Gorputzek ez al dute konexiorik emozioekin? Eguneko bizipenekin? Ondoan ditugun pertsonek pizten digutenarekin?
Erotikaren doinuak hamaika dira eta ederki moldatzen dira gure gorputzetara, entzuteko prest gaudenean. Larrua jotzea, azala gozatzea da. Noiz, nola eta norekin gure esku egongo da, beti ere bestearen adostasuna baldin badugu.