Laura MM artistak 'Union' erakusketa inauguratuko du bihar Gasteizko Montehermoson

Laura MM artistak 'Union' erakusketa inauguratuko du bihar Gasteizko Montehermoson Teknologiaren aldeko eta aurkako alderdiak bateratu ditu erakusketako piezetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/laura-mm-artistak-union-erakusketa-inauguratuko-du-bihar-gasteizko-montehermoson/@@download/image/IMG_4148-scaled.jpg
2023/02/02

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Teknologiaren aldeko eta aurkako alderdiak bateratu ditu erakusketako piezetan.
Laura MM artistak 'Union' erakusketa inauguratuko du bihar Gasteizko Montehermoson

Montehermoso Kulturuneko Jovellanos Aretoan egongo da ikusgai Laura MMren Union erakusketa bihartik martxoaren 5era bitarte.  Montehermoso+EHU programaren bidez, bigarren ziklo, graduondo eta doktoretzako ikasleei komisario baten tutoretzapean haien proiektu artistikoak garatzeko eta Montehermoson banaka aurkezteko aukera ematen zaie, eta hauxe izango da aurtengo deialdiaren barruan erakutsiko den lehen proiektua. 

Union lanak hondamendiak gizartea bi alderditan banatu izana islatzen du iruditan, teknologiaren aurkako alderdia eta aldekoa. Gizateriak bizirauteko elkartzera behartuta, bi alderdiek akordioa itundu dute eta, ondorioz, bi joera horiek bateratzen dituzten piezak daude ikusgai erakusketan. 

Laura MM Informatikako ingeniari teknikoa da EHUn 2008tik, eta 2020an Artean graduatu zen bertan. 2012an, Diseinuan masterra egin zuen Bartzelonan, eta geroago Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboa masterra EHUn 2022an. Gaur egun, doktoregaia da Arte Garaikidearen Ikerketa Teknologikoan, adimen artifizialen azterketan oinarrituta. Bere lana teknologiaren azterketara bideratuta dago, bai ekoizpen aldetik eta baita gaitegiarenetik ere. 

Erakusketaren irekiera ekitaldia bihar, ostirala, izango da, 19:00etan.