Lehen hurreratzea makrobiotikara

Ekialdeko bizi-filosofia ezaguna aspaldi iritsi zen gurera ate-joka. berau osotasunean ulertzeko luze eta zabal irakurri beharko litzateke, baina gutxieneko oinarri baten berri izateko, hona mokadutxo bat.



Bi hitz grekoren elkarketatik sortutako kontzeptua da makrobiotika: macro (handi, luze) eta bio (bizitza). Horrenbestez, hitzaren zentzu literario hertsiari so eginez gero, makrobiotikaren adiera ‘bizitza luzea’ da, eta berau lortzeko elikadura eta bizi ohitura jakinak planteatzen ditu, nork bere bizitzaz ahalik eta luzaroen gozatu dezan. Egun, eta Mendebaldeko jendarteetan, makrobiotika elikadurarekin lotzen dugu soilik, gainerako aspektuei jaramonik egin gabe, eta kasu askotan zenbait elikagai jateko debekuak, dieta errepikakorra eta jarraibide hertsiak datorzkigu burura. Aldiz, makrobiotikaren korronte nagusiek oreka osasuntsuaren kontzeptua azpimarratzen dute, gomendio batzuk jarraituz, noski, baina nork bere ohituretara egokituta, eta jarduera fisikoa egitea (egunero 30-45 minutuz) nahiz kontzientzia lantzea (egunero 10-15 minutuz) ezinbestekotzat dituzte.

Gure artean ohikoa bilakatu da, halaber, gaitz larriak diagnostikatutakoan dieta makrobiotikoa abiatzea, eta horrek sendagai perfektua delako ustea zabaldu du. Ez, baina, sendabidea bakarrik, prebentzio neurri gisa ere hartzen dute askok, eta bizimoduan aldaketa sakon bat egin nahi dutenak ere makrobiotikaren printzipio nagusiak jarraitzen hasi dira azkenaldian. Funtsean, dena den, gure arbasoen dietara itzuli besterik ez genuke egin behar, haiek, oharkabean eta lurrak ematen zienaz baliatuta, dieta honen alderdi orokorrekin bat egiten zutelako.

Erroetatik

Makrobiotikak, Txinatar Medikuntza Tradizionalak eta terapia energetiko askok bezalaxe, hala nola akupunturak edota shiatsuak, yin eta yang energien teoria du oinarri. Jatorrizko indarrak dira biak, aurkakoak baina osagarriak, eta haien artean elkarreraginez munduko fenomeno guztiak sorrarazten dituzte. Teoriak zazpi printzipio jarraitzen ditu: gauza guztiak infinitutik datoz, hark sostengatzen ditu eta hara doaz; unibertsoaren konstante bakarra aldaketa da; aurkako guztiak elkarren osagarri dira; ezer ez da berdina; aurrealdeak atzealdea du; aurrealdea zenbat eta handiagoa izan, atzealdea are handiagoa izango da; eta hasiera duenak bukaera du. Bi indar horiek egunerokoan sortzen zaizkigun arazo oro konpontzen eta orekan mantentzen laguntzen digutela diote, beti ere, guk haiek ulertu eta segitzeko gaitasuna badugu.

Baina jo dezagun hastapenetara. Makrobiotikaren historia azaltzeko, beronen garapenean paper garrantzitsua izan duten bost pertsona aipatuko ditugu, beste hainbat ere izan diren arren:
 
Hipokrates (Grezia, K.a.460-K.a.377)
De aëre, aquis et locis (Ura, airea eta lekuak) izeneko saiakeran bizitza luze eta osasuntsua izateko bizitza-estilo gisa definitu zuen makrobiotika Hipokratesek Antzinako Grezian.

Christoph W. Hufeland (Alemania, 1762-1836)
Hipokratesen jarraitzaile sutsua izanik, Makrobiotik oder Die Kunst, das Menschliche Leben zu verlängern (Makrobiotika, gizakiei bizitza luzatzeko artea, 1796) lana argitaratu zuen Aro Garaikidean Hufelandek, bizitza eta dieta aztergai.

Sagen Ishizuka (Japonia, 1850-1910)
Medikuntza ikasi ostean, eta bost hizkuntza menderatzen zituela, sendagile lanetan hasi zen 28 urterekin. Giltzurrunetako gaitz kroniko bat pairatzen zuen haurtzarotik, eta erremediorik aurkitu ezinik, medikuntza tradizionala lantzen hasi zen. Ekken Kaibarak (Japonia, 1630-1716) argitaratutako obrak lagun, bera sendatzea ez ezik, pertsona askori laguntzea lortu zuen elikadura sinple eta tradizionala jarraituz. Gorputzeko sodioaren eta potasioaren arteko orekaren garrantzia, eta azido alkalinoaren orekarena nabarmendu zituen.

George Oshawa (Japonia, 1893-1966)
Gaztetan biriketako eta hesteetako tuberkulosia diagnostikatu zizkioten, eta Ishizukaren lanetara jo zuen sendabide bila. Bihi osoko zereal edo zereal integralekin, barazkiekin eta lekaleekin elikatu zen osatu arte, eta 1929an Europara joan zen, Parisera, Ekialdeko filosofia eta kultura zabaltzera; baita Ishizukaren Shoku-Yo Kai mugimendua Mendebaldeko gizarteari helaraztera ere. Ideia klasikoei eta bereei forma berria emanez, makrobiotika modernoaren fundamentuak ezarri zituen, eta berauek mundu osora zabaldu.

Michio Kushi (Japonia, 1926-)
1948an Oshawa ezagutu zuenean harekin liluratuta geratu zen. Zenbait urtez Europatik bidaiatu ostean, Aveline emaztea eta biak AEBetan kokatu ziren, eta Oshawaren beste ikasle batekin batera, Hernan Aihararekin, makrobiotika eta berari lotutako bizitza-estiloa hedatzen dihardute geroztik.

Funtsezko elikadura
Mendebaldean ezagun egin den elikaduraren piramideak egunero, astero eta tarteka jan beharreko jakien kopuruak zehazten dizkigun bezalaxe, makrobiotikoek ere osatu dute euren piramidea. Nagusiki, bost dira egunero jan beharreko elikagaiak: bihi osoko zerealak (jakien %40-60 artean), era askotara prestatutako barazkiak (jakien %20-30), lekaleak eta eratorritakoak (%5-10), algak (%2) eta olio gordina (bi koilarakada). Aldiz, frutak, haziak, gozagarriak eta arraina (hobe zuria bada), astean behin ala bitan hartzea gomendatzen dute, eta arrautzak, esnekiak eta haragi gorria lantzean behin. Dena den, ahoratutako elikagaiak bezain garrantzitsuak dira horien jatorria, prestatzeko modua eta irensteko era. Alegia, elikagaiek ekologikoak eta ongarri kimikorik gabe haziak izan behar dute, sasoikoak eta norbera bizi den lekukoak. Gainera, eta prestatzerako orduan propietaterik gal ez dezaten, urik gabe, baporean, tenpuran, labean edota denbora luzez salteatuta prestatu behar dira, hobe gasezko suarekin edo egurrezko labean eta altzairuzko, buztinezko, beirazko edo zeramikazko ontziekin bada. Lasai, distrakziorik gabe eta mahaiaren bueltan jatea ezinbestekoa da, eta ahoratutako mokadu bakoitza gutxienez 50 aldiz murtxikatu behar dugu, liseri aparatuari lana errazteko.

Halaber, komenigarria da jakien yin eta yang izaerak kontuan izatea, haien arteko oreka lortzeko. Zenbait elikagai guztiz yin izango dira, beste batzuek yin joera bat besterik ez dute izango; badira neurri batean yang direnak ere, eta erabat yang-ak, noski. Beraz, muturrekoetara jo beharrean, eskalaren erdialdean kokatzen direnak kontsumitzea komeni da, eta yin gehiegi hartu dugunean, yang pixka batekin leunduko dugu otordua (eta alderantziz). Prestatzeko erak ere jakien yin eta yang mailan aldaketak eragiten ditu, horiek areagotu ala leunduz, beharraren arabera. Alor honetan gehiago sakondu nahi izanez gero, Egoitz Garroren Denontzako makrobiotika (Denonartean, 2010) liburua kontsultatu.

Zenbait kritika
Elikadura makrobiotikoaren jarraitzaileek bezalaxe, honen aurka altxatu diren ahotsek ere gora egin dute azkenaldian. Zenbait sendagile eta nutrizioan adituk elikadura desorekatua dela azpimarratzen dute, nagusiki proteinei dagokienean, eta ur gutxiago kontsumitu beharrak (salda, barazki eta frutetan hartu arren) hidratazio mailan eragina izan dezakeela uste dute. Ez hori bakarrik: gaitz larriei aurre egiterako orduan, gaixoak kaloria eta orotariko elikagaiak behar dituela azaldu dute, eri dagoen gorputzak zelula txarrei aurre egiteko nondik hartu izan dezan; aldiz, dieta makrobiotikoek pisu eta indar galerak eragin ditzaketenez, gaixoa are gehiago ahultzen dutela diote. Horregatik, medikuek jarritako tratamenduak albo batera utzi eta makrobiotikaren jarraibideei soilik kasu egin beharrean, bigarren horiek osagarri gisa hartzeko gomendatzen diete espezialista gehienek gaitz larri bat diagnostikatu dietenei, eta elikaduran aldaketa txikiak egin ditzatela, laguntza moduan.

Baina ez osagileek bakarrik. Ekialdeko ohituretan errotutako elikaduraren jarraitzaile eta bultzatzaile sutsuen artean ere badira moderazioa eta oreka nabarmentzen dituztenak, zereal eta barazkiak soilik jan beharrean, horiek oinarritzat hartu eta denetarik jatea hobe dela diotenak. Gure dieta aberatsa bada, jan beharrean elikatu egingo gara, eta hobeto sentitu. Are gehiago, elikaduraz gaindi, filosofia makrobiotikoaren aspektu guztiekin bat egingo bagenu, hala nola, nork bere kontzientzia landuz eta ariketa fisikoa erregularki eginez, geure buruarekin orekan biziko ginatekeela ziurtatzen dute adituek.

Dastatu makrobiotika!


Makrobiotika Elkartea (Donostia)
Euskal Herriko jatetxe makrobiotiko zaharrenetakoa da, zaharrena ez bada. Gorka Gereñok prestatutako menua izaten da eguerditan. Halaber, elikagai makrobiotikoak eskuratu nahi izanez gero, alboan da Nekane Soriaren denda.
• Intxaurrondo kalea, 54 (Intxaurrondo zaharrean).

Errastiko Jatetxea (Arrasate)
Jatetxe tradizionala da, baina aldez aurretik abisatuta menu makrobiotikoa prestatzen dute.
• Bedoña auzoan.

Soranetxea Jauregia (LeiNTz-Gatzaga)
Egitura zaharra mantenduz, XVI. mendeko eraikina berritu eta hotela eta jatetxea ezarri dituzte bertan Loren eta Montse makrobiotikoek.
• Santiago kalea, 3.

Bikain Jatetxea (Itziar)
Lagunekin joanez gero, eta haiek ‘ohiko’ platerak eskatu arren, elikagai makrobiotikoak dastatzeko aukera dago aldez aurretik abisatuz gero.
• Mutxiarte kalea, 39.

Baratza Kafea (Iruñea)
Euskal Eskola Makrobiotikoaren egoitzan bada azukrerik, esnekirik eta haragirik gabeko plater konbinatuak, pintxoak eta azkenburukoak dastatzeko aukera, baita horiek etxera eramatekoa ere.
• Bernardino Tirapu, 5–7. behea (Errotxapea auzoan).

Lu’um Jatetxea (Bilbo)
Gutxienez egun bat lehenago hots eginez gero, menu edota plater makrobiotikoak prestatzen dituzte.
• Henao kalea, 30 (Moyua plazatik hurbil).

Informazio gehiago lortzeko, zure herriko makrobiotika taldera, halakorik bada, edota Euskal Eskola Makrobiotikora (Iruñean dute egoitza) jo dezakezu.