Leioako Umore Azoka bihartik igandera
Ehun emanaldi inguru eskainiko dituzte eta 39 konpainietatik 22 Euskal Herrikoak izango dira.
Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokak, herriko kaleak "ikuskizun onenekin" beteko ditu bihartik igandera XXI. edizioaren baitan. “Umore Azokarentzat fantasiaren, umorearen, ilusioaren, sorkuntzaren, magiaren eta gozamenaren urtea da hau. Iaz ezin izan genuen ospatu eta 2021ean indar handiagoz itzuliko ginela esan genuen, eta horrela egin dugu”, adierazi du Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkateak.
Programa artistikoan 39 konpainiak hartuko dute parte, horietatik hogeita bi Euskal Herrikoak eta 14 Espainiako Estatukoak. Gainerako hirurak, berriz, Belgikatik, Portugaldik eta Ukrainatik etorriko dira. Guztira 94 emanaldi egingo dituzte eta antzerkia, zirkua, dantza eta umorea izango dira gai nagusiak, baina baita piroteknia, txotxongiloak eta dantza bertikala ere, besteak beste. Ia emanaldi guztiak udalerriko erdiguneko hainbat puntutan instalatuko diren karpa azpian egingo dira; horrela, edukieren kontrola eta ikuskizunen ospakizuna bermatu nahi dute, baita eguraldi txarra dagoenean ere.
Horrez gain, Kultura Sailak hainbat jarduera paralelo antolatu ditu, Kaleko Arteei buruzko liburu baten aurkezpena edo “pandemia ondorengo” sektorearen egoerari buruzko hitzaldiak eta lan-mahaiak, besteak beste.
Egitarau osoa hemen dago kontsultagai.