Leioako Umore Azokan parte hartzeko deialdia zabaldu dute profesionalentzat
Apirilaren 23ra bitarte eman behar da izena.
Aurtengo Umore Azokan 41 konpainiak hartuko dute parte: 18 Euskal Herrikoak, eta 23 hemendik kanpokoak. Kaleko sorkuntza artistikoan interesa duten profesionalek Umore Azokan parte hartzeko izena emateko eta akreditatzeko epea ireki du Leioako Udalak, apirilaren 23ra arte. Izen-ematea Umore Azokaren webgunean egin beharko da.
Interesa duten profesionalek hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute, besteak beste, Euskal Antzerki Sarearen Batzar Nagusian, Artekale-Sarea topaketan, non euskal konpainiek une honetan lantzen dituzten prozesu artistikoak aurkeztuko diren, eta Umore Meetings, profesionalentzako eta konpainientzako topaketa eta negozio-bilera azkarrak.
Gainera, artistei eta profesionalei harrera ofiziala egiteko ohiko ekitaldia egingo da maiatzaren 17an, eta ekitaldi horretan Umore Azoka 2023 eta Umore Azoka 2024 sariak banatuko dira.