LERROKATZEAREN ANTIDOTOA

Entzun: Massive Attack ‘Exchange’

Otsailero maiteminduen eguna ospatzen dugu, norberak bere estiloan, ekonomia eta bikotekidearen erromantizismo mailaren arabera, besteak beste. Afari erromantikoa, lore sorta bat, txortaldi apasionatua...

Bikotekiderik gabe egonez gero, otsailaren 13an Ezkongabeen Nazioarteko Eguna kuadrillan ospatzeko aukera badago eta deskuidoan, hurrengo San Balentinak pasatzeko hautagairen bat topatuko duzu. Hau marka! San Balentin gizajoari lepoa moztu zioten bikoteak ezkutuan ezkontzeagatik eta gaur egun single izatea goranzko balioa bilakatu da.

Halako nazioarteko egunak merkataritza-guneen asmakizuna delaren polemikan sakondu gabe, badira orain arteko ereduetatik kanpo dauden beste hainbat estereotipo. Izan ere, ohartzen hasi beharko ginateke Balentin Deunaren lanaldia gero eta konplexuagoa bilakatzen hasi dela: polimaitasuna, pansexualitatea, txortalagunak, bikuriosoak, demisexualak...

Etiketak definitzeko zaila egiten zaigun hori zehazteko erabiltzen ditugu, segurtasuna ematen digu, egoera berriak ulertzeko lagungarriak izaten dira eta normaltasuna emateko aproposak.

Egunez egun, onddoen modura, etiketa berriak sortzen dira eta ondo erabiliz gero, oso erabilgarriak izan baitaitezke ere, geure burua bakar batekin identifikatuta sentitu behar dugularen sentsazioa izateko arriskua dugu. Mutil bati ipurditik atzamarra sartzea gustatzen bazaio homosexuala al da?
Eta nire lagun guztiek sexu harremanak izan badituzte baina nik ez, asexuala naizelako izango ote da?

Diagnostiko bila jartzen ohi gara, mediku-kontsultan bagina bezala baina jatetxeetako komunetan ez bezala, ez dugu geure burua errotulatzeko beharrik. Izan ere, lepoa mozteari beldurra kentzea izango da lerrokatze joera guztien antidotoa.