Liskarraren zapia
Frantziako Gobernuak laizismoari buruzko legea onartu zuen otsailean; erlijio bateko kide izatea argi adierazten duten ikurrak eta jantziak debekatuko dituzte ikastetxe publikoetan, tartean musulmanen beloa. Legeak ika-mika sortu du Frantzian eta baita Ipar Euskal Herrian ere.
Laizismoari buruzko legea onartu du Frantziako Gobernuak. Islamdarren beloa (hijab-a), buruko judutarra (kippa) eta kristau gurutze handiak debekatu egingo dituzte ikastetxe publikoetan. Aldiz, hain nabarmenak ez diren erlijio ikurrak baimenduko dituzte: marokoar musulmanen 'Fatimaren eskuak', kristau gurutzetxoak, David-en izarrak
Irailean jarri nahi du indarrean legea Frantziako presidente Jacques Chirac-ek eta, jakina, albisteak ika-mika sortu du Frantzian, eta baita Ipar Euskal Herrian ere. Herri musulmanetan ere zeresana eman du albisteak.
Frantzian, 1905ean onartu zen Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa, hau da laizismoa, eta orduz geroztik, ezin izan da inolako erlijiorik bultzatu ikastetxe publikoetan. Bereizketa egin zutenean, Eliza Katolikoak erabateko indarra zuen Frantziako gizartean. Gaur egun, ordea, islamak ere jarraitzaile asko ditu.
Menpekotasunaren adierazle
60 milioi biztanle inguru ditu Frantziak, eta katolizismoa (36 milioi lagun), islama (bost milioi lagun), protestantismoa (800.000 lagun), judaismoa (575.000 lagun) eta budismoa (300.000 lagun) dira erlijio nagusiak. Beraz, Frantziako bigarren erlijioa islama da, eta Europako komunitate musulman handiena bertan bizi da.
Auzia duela urtebete berpiztu zen, laizismoaren aitzakiaz, neska musulman batzuei mantelina edo beloa ikastetxeetara eramatea galarazi zietenean. "Berpiztu" diogu, lehenago antzeko arazoak izan ziren eta.
Eztabaida puri-purian zegoela, gaia ikertzea eskatu zion Chirac-ek Stasi komisioari, eta hark gomendatuta, legea egin eta onartu dute. Berehala etorri da ika-mika eta eztabaida horren erdian, emakumearen eskubideak. Izan ere, askoren ustez, emakume musulmanen menpekotasunaren adierazle da beloa. Hala ere, mutur zorrotzagoak ditu gaiak; etorkinen eta, batik bat, musulmanen integrazio eza, adibidez. "Gauza asko daude nahastuta: Frantziako erlijio berriak islama, batez ere, inmigranteen integrazio politiken krisia, eskoletako ereduaren krisia Beloa hor dago, eztabaida zaharra da, baina ez funtsezkoena. Hala ere, emakumeek erabiltzen dituzten ikurren inguruan egiten ari da eztabaida eta hori arriskutsua da, musulmanak jopuntuan jartzen dituelako", dio Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria elkarteko kideak.
Asimilazioa integrazioa baino
Irakaskuntzaren arloan adostasuna lortu omen du debekuak. CSA enpresak egindako ikerketaren arabera, Frantziako irakasleen %76 bat dator neurriarekin, eta haietatik %84 neskak ikastetxetik kanporatzeko prest dago, beloa kentzen ez badute.
Esan bezala, Frantziako Gobernuak hartutako neurriak gurean ere eragina izango du. Ipar Euskal Herriko irakasleen artean, debekuak ez du hain harrera ona izan. Antton Luku Donibane Garaziko eskola publikoko irakasle eta idazleak dioenez, "laikotasunaren gibelean frantziartasun garbiaren pentsamendua dago. Frantziak ez ditu azpikulturak nahi. Frantziarra izan nahi baduzu, izan zaitezke, baldin eta zure kultura eta zure nortasuna utzi eta frantziar bilakatzen bazara. Frantzian ez da kulturen arteko integrazioa gertatu, asimilazioa baizik. Euskaldunekin beste hainbeste egin nahi dute" .
Antzeko iritzia du Gillermo Etxebarria Baionako Bernart Etxepare Lizeoko zuzendariak: "Zapia berez, musulmanen nortasun ikurra integrazioaren aurkako arma bilakatu da. Legearekin, ikasleek ezin izango dute bereizteko ikurrik eraman. Uniformizazio laikoa lortu nahi dute, horrekin ikasleen larru kolorea edo izatea aldaraztea erdietsiko balute bezala. Guri antzeko zerbait gertatu zitzaigun txapelarekin".
Musulmanak haserre
Zuberoan eta Nafarroa Beherean musulman gutxi bizi dira. Lapurdin, ordea, bada komunitate bat; Baionan, adibidez, 300 bat musulman daude. Frantziako hiri handiekin alderatuz gero Paris, Bordele , ez dira hainbeste, baina argi dago Euskal Herrian ere ondorioak izango dituela erlijio ikurren debekuak.
Baionako musulmanek meskita dute Daniele Argote karrikan, eta Zup (Zone Urbaine Priotaire) inguruan bizi dira gehienak, Baionako iparraldean. Inmigranteentzat eraiki zuten auzune hau 60ko hamarkadan; Lapurdiko hiriburuko auzo xumeenetakoa da eta bertako Albert Camus ikastetxe publikora joaten dira musulman gehienen seme-alabak.
Euskal Herri osoko komunitate islamdarrak ez du begi onez ikusi Frantziako Gobernuaren jokaera: "Non geratu dira Frantziako Iraultzako Berdintasuna, Askatasuna eta Senidetasuna? Nortasun frantziarra krisialdian dago, eta euren nortasuna indartzeko, beste komunitateena isilarazi nahi dute: musulmanena, euskaldunena, bretoiena ", dio Jabier Salaberria musulman donostiarrak.
Vincent Casenave 'Abdula' Association Musulman la Cóte Basque-ko kide baionesa ere kritikoa da: "Askatasunaren aurka doa debekua, Frantzia gizakiaren eskubideen aldekoa eta askatasunaren herrialdea dela esaten dutelako. Gure nortasunaren aurka daude, baina oso zaila da nortasuna desagertaraztea".
Non da konponbidea?
'Abdula'-ren hitzak dira: "Oso zaila da nortasuna isilaraztea". Eta debekua aintzat hartuta, euren nortasunari tinko eusten saiatzen dira Lapurdiko emakume musulmanak: lehen baino emakume gehiago ikus daitezke egun beloa jantzita karriketan, eta asko gazteak dira.
Esan bezala, urtarrilean jarri nahi du indarrean legea Frantziako presidenteak. Neurria indarrean sartu bezain laster, ika-mika areago liteke. Izan ere, Frantziako 1.300 ikasle musulmanek adierazi dutenez, ez dute beloa kentzeko inongo asmorik. Ikasleen kanporatzea ekarriko luke horrek. Non da konponbidea?
"Gero eta koloretsuago eta aberatsago bilakatzen ari den Europa honetan, jai dugu begiak itxi eta makilarekin uxatu nahi baditugu arrotzak. Beldurrak ez gaitu geu izaten utziko eta albokoa ulertzen, are gutxiago". Horra hor, Gillermo Etxebarriaren gogoeta.
Emakumeak eta hijab-a edo burka
Ilea eta lepoa estaltzeko emakume musulmanek eraman ohi duten zapia da hijab-a. Burka eta chador-a, bestalde, emakumeak goitik behera estaltzen dituzten jantziak dira. Denak kastitate ikurrak dira eta senarrekiko menpekotasuna adierazten dute.
Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak dioenez, batzuetan inposaketa da, baina beste batzuetan, hautu pertsonala da, norberaren askatasunaren baitan hartutako erabakia.
Debekuaren harira, manifestazioak egin dira Frantzian eta beste zenbait herritan, talde musulmanek deituta. Parisen, 20.000 manifestarik egin zuten Errepublikaren eta Nazioaren plazen arteko ibilbidea, Marseilaise-ren erritmora. Manifestazioen buruan, milaka emakume beloa kantzita. Hona hemen oihukatutako leloetako bat: Gure beloa ez da Errepublikaren aurkako erasoa. Gure beloa hautua da. Beste toki batzuetan ere izan ziren protestaldiak: Londresen, Bruselan, Istanbulen, Mosulen ...
Gurean ere debekuak ez du emakume musulmanen onespena jaso.Ez dut ondo ikusten, baina beste erremediorik ez badago, beloa kendu beharko dute. Nik, hala ere, ez dut jartzen. Agian, Marokon nagoenean, esan digu Mariamak, Donostiako gazte musulmanak. Marokoko Fatimak ere ez du ondo hartu albistea: Debekuak txarrak dira beti. Hala ere, berak ere oso gutxitan eramaten du beloa,bestela, gaizki begiratzen didate-eta.
Eta ikasleek, zer diote?
Nahaspilatsua iruditzen zaie gaia ikasle batzuei eta, diotenez, ez dute ikastetxeetan eta gurasoekin aferaz hitz egin. "Bitxia da nola azaldu duten arazoa; ez da horretaz ezer erraten, eta gaia musulmanekin soilik doala dirudi", esan digu Thicoepe Maitenak, Donibane Garaziko eskola publikoko 17 urteko ikasleak. Thicoepe-k, hala ere, iritzi garbia du: "Islamaren aurkakoa da arazoa. Erlijio ikurrak debekatuz, fedea kenduko dietela uste dute. Eta musulmanak ukituak sentitu dira, jakina". Baionako Bernart Etxepare Lizeoko Aitziber Zapiain ere bat dator Thicoeperekin: "Debekua gehiegikeria iruditzen zait, ez dut uste ondo dagoenik. Izan ere, norberak nahi duen bezala jantzita joateko eskubidea du".