'Loa eta Laia', haurrentzako marrazki bizidunen telesail digitala sortu dute

'Loa eta Laia', haurrentzako marrazki bizidunen telesail digitala sortu dute Musika talde bat sortuko duten Loa eta Laia dira protagonistak. Gau Beltzaren inguruko lehen atala sareratu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/loa-eta-laia-haurrentzako-marrazki-bizidunen-telesail-digitala-sortu-dute/@@download/image/loa eta laia.png
2022/10/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Musika talde bat sortuko duten Loa eta Laia dira protagonistak. Gau Beltzaren inguruko lehen atala sareratu dute.
'Loa eta Laia', haurrentzako marrazki bizidunen telesail digitala sortu dute

Josu Bergara musikariaren ideiatik sortu da bi urtetik zazpi urtera bitarteko haurrei zein familia osoei zuzendutako Loa eta Laia marrazki bizidunen telesail digitala. Hainbat helburu ditu proiektuak: balore unibertsalak sustatzea -berdintasuna, aniztasuna, elkarlana, naturaren zaintza, ekitatea...-, musikarekiko zaletasuna zabaltzea, eta euskarazko eduki digitala sortzea eta hedatzea. 

Loa eta Laia lagunak eta musikazaleak dira protagonistak: ausartak, espontaneoak, dibertigarriak, azkarrak, sortzaileak eta erronkei pasioz, adorez, ilusioz eta elkarlanean heltzen dietenak. Musika talde bat sortu dute eta abestien bitartez hainbat abentura biziko dituzte. Qiang eta Niko lagunek ere parte hartuko dute taldean, bateria eta pianoarekin.

Sortzaileek azaldu dutenez, abestiek ukitu modernoa eta berritzailea izango dute eta musika estilo ugari nahastuko dituzte: rocka, popa, folka, rapa, bluegrassa, reggaea, jazza... Gaitegiari dagokionez, berriz, Euskal Herriko kontuak landuko dituzte. Naturak ere izango du garrantzia, Loa eta Laiaren unibertsoan, eta baso biziak, animaliak, zuhaitzak eta landareak izango ditu.

Josu Bergara musikaria da proiektuaren sortzailea eta bera arduratzen da koordinazioaz, gidoigintzaz, musika-konposizioaz eta letraz. Paul Caballero ilustratzaileak egiten du zuzendaritza grafiko artistikoa, gidoigintza, ilustrazioa eta animazioa. Bestetik, Ane Martinez eta Leire Aparicio musikari eta abeslariek jartzen diote ahotsa Loa eta Laiari. Azkenik, David Sanchez Damian eta Nerea Alberdi ari dira musika moldaketan eta produkzio artistikoan.

Telesail digitalaren lehen atala kaleratu dute eta Gau Beltza jorratu dute bertan. Hilean saio bat argitaratzeko asmoa dute, eta atal guztiak Loaetalaia.eus webgunean ikusi ahal izango dira, eta baita Youtuben ere.