Lorea Argaratek jasoko du Gladys Saria

Sari banaketa irailaren 26an izango da, EHUko Informatika Fakultatean.

Lorea Argarate Zubia teknologo, dibulgatzaile eta musikari bilbotarrak jasoko du aurtengo Gladys Saria. Epaimahaiak Argarateren ekintzailetasuna, dibulgazio-lana eta ibilbide aberatsa nabarmendu ditu.

Argarate Bilbon jaio zen 1990an eta Berlinen bizi da egun. Telekomunikazio ingeniaria da, soinuan eta irudian espezializatua, eta antolakuntza industrialeko graduondokoa ere egina du. Big Data & BI eta irakasleen prestakuntza masterra egin zituen eta Blockchain programa ere osatu zuen. Egun Tazebaez kooperatibako ekintzailea da eta hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan aritzen da Berlinen eta Bilbon.

'White Mirror / Tech for Good' teknologia esponentzialak ongizaterako programaren sorreran parte hartu zuen. Hainbat erakunderekin kolaboratu du, tartean, Puntueus, Elhuyar eta Gaztearekin.

Foro askotan parte hartu izan du ingurune digitalaz hitz egiteko. Eduki gehienak euskaraz egiten ditu, gazteei zuzenduak, haien formatu eta hizkuntzan. Bere proiektuak genero-ikuspegiarekin lotzen ditu.

Musikarekin lotura estua du Argaratek. Klarinete-jotzailea da, baina azken urteotan musika elektronikoan murgildu da. Las Tea Party DJs musika proiektuko eta Mazmorra taldeko kidea izan zen. Gaur egun "Mauriziak ez du inor hil"-en ari da, eta bakarka ere aritzen da.

Datorren irailaren 26an jasoko du Gladys Saria EHUko Donostiako Informatika Fakultatean egingo den ekitaldian. Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.