'Love dumping' edo geure burua txikitzen dugunean harreman batean

'Love dumping' edo geure burua txikitzen dugunean harreman batean Batzuetan guk nahi duguna edo garena alde batera uzten dugu, gatazkak saihestu edo gure bikotekideak espero duenaren mesedetan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/love-dumping-edo-geure-burua-txikitzen-dugunean-harreman-batean/@@download/image/pexels-tiarrasorte-30337238.jpg
2025/01/29

Testua: Maitane Legarreta
@mailegetx

Batzuetan guk nahi duguna edo garena alde batera uzten dugu, gatazkak saihestu edo gure bikotekideak espero duenaren mesedetan.
'Love dumping' edo geure burua txikitzen dugunean harreman batean

'Dumping' terminoa ekonomia mundutik dator eta produktu baten prezioaren jaitsiera adierazten du, erosle edo inbertitzen dutenen aurrean erakargarriagoa izate aldera. Horrekin analogia eginda eta harremanetara ekarrita, pertsona batek bere desirak, beharrak, ametsak edo izaera txikitzea edo murriztea izango litzateke, bere bikotekideak berarengandik espero duena betetze aldera. Nola gauzatzen da hori? Bada, gustuko duzun arropa ez janztea izan daiteke edo zure helburu profesionalak baztertzea, bikotekideak gustuko ez dituelako edo harentzat "gehiegizkoa" dela uste duzulako.

Ohikoa da harremanetan konpromisoak hartzea, baina hau bestelako zerbait da: sakrifizio-kate batean murgildu eta norbere burua baliogabetzea edo ezereztea harremanean bakea eta lasaitasuna edo ondokoaren maitasuna mantendu nahian. Azken finean, norbera izateari uztea. 

Zergatik jokatzen dugu hala? Onartuak izan nahi dugulako, bestea galtzeko beldurragatik, dinamika ez osasuntsuak normalizatzen ditugulako, edota jokaera horiek ikusi izan ditugulako ingurukoengan.

Nolako portaerak izaten dira halakoetan? Zeure gogoko jarduerak alde batera uztea zure bikotekideari gustatzen ez zaizkiolako; hitz egiteko, janzteko edo jokatzeko modua aldatzea, kritikak saiheste aldera; zure beharrak adierazteari uko egitea, ez duzulako pertsona "exijentea edo zaila" iruditu nahi; eztabaidetan edo gatazketan beti amore ematea; familiakoekin edo lagunekin zenuen harremana galtzea, zure bikotekidearekin duzun bizitzarekin bat egiten ez dutelako.

Norbere burua txikitzeak zeure izaeraren alderdi batzuk galtzea dakar, eta horrek eragina du autoestiman. Gainera, hutsunea eta nahigabea sor dezake norberaren baitan. 

Egoera honetan egon bazaitezke, zeure buruarekin berriko konektatzen saiatu beharko zenuke, zeure burua ezagutzen eta zer nahi duzun eta nor zaren ikusi. On egiten dizuten jarduerak berreskuratzea eta zure burua maitatzen ikastea litzateke bidea. Saiatu mugak jartzen eta ezezkoak esaten ikasten. Ingurukoengan babesa topatzea ere ezinbestekoa izango da. Eta bikotekide horrekin duzun harremanak on egiten ez badizu, zaren bezalakoxea onartu eta errespetatzen ez bazaitu, harreman hori mantendu nahi duzun pentsatu beharko zenuke.