LUMAfest! gazteentzako literaturaren eta sorkuntzaren jaialdia otsailaren 9tik 11ra izango da Donostian
Literatura sorkuntzaren aldeko apustua egingo dute, formatu hibrido analogiko-digitalean, eta tokiko zein nazioarteko egileek parte hartuko dute bertan. Aurten, poesia eta genero horretan TikTok eta sare sozialek izan duten eragina hartuko dute aintzat. Gainera, lehenengoz, Elkarren lankidetza ere izango da, euskarazko literatua sorkuntza ikusarazteko.
Otsailaren 9an hasiko da jaialdia, Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara Aretoan, 18:00etan, Jasone Osoro kazetari eta idazle elgoibartarraren eta Karlos Aretxabaleta idazlearen arteko solasaldiarekin. Osorok Festa aurkeztuko du eta Aretxabaletak, aldiz, Sex-sua liburua. Saioaren ondoren, 19:00etan, egile horiek emango dituzte euskarazko kontakizun laburren lehiaketaren lehen eta bigarren sariak.
Ostiralean, otsailak 10, 18:00etan, Elise Kova estatubatuarraren La caída del príncipe de fuego aurkeztuko da. Aurkezpena ingelesez izango da aldi bereko interpretazioarekin, eta bertaratzeko aurrez izena eman beharko da evenbrite bidez. Egileak bere lanaren aleak sinatuko ditu eta argazkiak aterako ditu bertaratzen direnekin.
Otsailaren 11n, larunbatean, 16:30etik aurrera, Leire Vargasek euskarazko inprobisazio poetikoko saioa egingo du eta Dena ametsa den irudipena poesia liburua aurkeztuko du. Aldez aurretik eman beharko da izena evenbriten bidez, plazak mugatuak izango baitira. Azkenik, 17:30ean, Victoria Álvarezek bere azken liburua sinatuko du, eta, ondoren, 18:00etan, Las Eternas eleberria aurkeztuko du. Gaztelaniazko kontakizun laburren lehiaketako sarien banaketa ere larunbatean izango da, 19:00etan.
Saio guztiak streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira, euskaraz zein gaztelaniaz, LUMAfest! jaialdiaren webgunean.
Kontakizun laburren lehiaketa
Euskarazko eta gaztelaniazko literatura sorkuntza sustatzeko asmoz, kontakizun laburren lehiaketa ere abian da, Instagram eta Twitter bidez. Lehiaketa otsailaren 4ra arte egongo da martxan, eta gonbidatutako egileek aukeratuko dituzte irabazleak, bi euskaraz eta bi gaztelaniaz, eta eskaintza pertsonalizatua izango duen liburu-sorta bat emango diete jaialdian zehar.