Markako jantzien imitazioak saltzen dituen aplikazioa

Markako jantzien imitazioak saltzen dituen aplikazioa Ospea hartzen ari da markako produktuak faltsifikatu eta merke saltzen dituen aplikazio txinatarra, eta gero eta jende gehiago ari da mugikorrean deskargatzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/markako-jantzien-imitazioak-saltzen-dituen-aplikazioa/@@download/image/pexels-cottonbro-5076525.jpg
2025/02/17

Testua: Maitane Legarreta

Ospea hartzen ari da markako produktuak faltsifikatu eta merke saltzen dituen aplikazio txinatarra, eta gero eta jende gehiago ari da mugikorrean deskargatzen.
Markako jantzien imitazioak saltzen dituen aplikazioa

Shein txinatarrak ospe handia du merkatuan, baina herrialde bereko beste aplikazio bat ere ari da nabarmentzen: Hacoo. Aplikazio hau ez da berria izatez, baina izena aldatu eta eraldaketa batzuk egin ditu, merkatura hobeto egokitu nahian. TikTok eta Instagrameko influencer ezagunek gomendatzen dute eta horregatik lortu du, besteak beste, entzute handiagoa. 

Arropa, oinetakoak, poltsak, teknologiarekin lotutakoak eta beste hainbat produktu saltzen ditu aplikazioak. Gune honetan marka ezagunen produktuen imitazioak saltzen dituzte, baina bertan gauzak erostea ez da dirudien bezain erraza. Ezin daiteke ordenagailutik edo sareko nabigatzailetik erosketarik egin. Aplikazioa jaitsi, erregistratu eta katalogoan sartu behar da horretarako. Kontua da, ordea, faltsifikatu dituzten produktu asko ez direla bertako interfaze nagusian agertzen edo ezin direla bertatik erosi, eta, beraz, bilaketa lana egin behar izaten da, ezkutuan izaten dituztelako eta logoak ere aldatuta. Hain zuzen ere, hori delako legeari izkin egiteko duten modua.

Bilatzailean hitz gakoak sartzen dituzte erosleek, edota produktuen loturetara jotzen dute zuzenean. Horretarako, hainbat lagun dabiltza bilatzailean sartu beharreko hitz gakoek zeintzuk diren jakinarazten, nahi duzun marka horrekin lotutako produktua topatzeko eta baita loturak eskaintzen ere. Telegram-eko eta Whatsapp-eko kanaletan zabaltzen dute informazio hori, eta bestelako sare sozialetan ere bai. Influencer askok bertako produktuak erakusten dituzte TikToken edo Instagramen, eta loturak partekatu biografian. 

Ohikoa den moduan, gune honek eztaibaida ere sortu du, lege, etika eta jasangarritasun arrazoiak direla medio. Zer iruditzen zaizu zuri? Inoiz erosi al duzu ala erosiko al zenuke bertan?